Hitzordua 19:00etan hasiko da eta hitzaldia euskaraz izango da, doako sarrerarekin. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aretoaren kanpoaldean pantailak jarriko dituzte hitzaldia bertatik ere jarraitu ahal izateko.
Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolaren 18. promozioko ikasleen ekimenez antolatzen da Marea gora hitzaldi sorta, eta aurten laugarren aldiz ari dira egiten Deban.
Oraingo honetan, Xabier Alberdi itsas historialaria eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria izango da hizlaria. Euskal itsasontzigintza eta itsas historia XVI. eta XVII. mendeetan izeneko hitzaldian, Euskal Herriko itsas tradizioaren eta ontzigintzaren historiari buruz ariko da.
Aurtengo zikloa datorren asteazkenean (uztailak 22) amaituko da, Lo que el mar esconde y nos devuelve: microplásticos y basuras marinas en nuestros ríos y playas (Itsasoak ezkutatzen eta itzultzen diguna: mikroplastikoak eta itsasoko zaborrak gure ibai eta hondartzetan) hitzaldiarekin. Oihane Cabezas Basurko AZTIko Arrantza Teknologia Jasangarrien arloko ikertzaile seniorra izango da azken saioko hizlaria.