GUTUNA

Bere harriari herriari baino gehiago begiratzen dionari

Alazne Txurruka 2026ko uztailaren 24a

Hona hemen Alazne Txurrukak BARRENA aldizkarira bidalitako idatzia.

Jesus Mari Agirrezabalaren azken idatziak erantzun labur bat merezi du, batez ere egiten dituen akusazioen larritasunagatik eta horiek egiteko erakusten duen zorroztasun faltagatik.

Lehenengo, Gudarien Plazako monolitoak desagerrarazi genituela salatu zuen, haien kokapenari buruzko azalpenik eman gabe. Ez ziren desagertu: behar bezala gorde ziren eta berriro kokatuko dira.

Orain, Udalak proiektuaren egiletza intelektuala «erabat baztertuta» mantendu duela dio, eta zuzenean gezurra esatea egozten dit.

Berriro ere, baieztatu aurretik egiaztatzea falta izan zaio.

Udala 2025eko apirilean jarri zen harremanetan Gudarien Plazako proiektuaren jabetza intelektuala duen arkitektoarekin. Udalak, gainera, idatziz ditu arte-lanaren lekualdatzeari buruzko jarraibideak eta dokumentazioa.

Horiek dira gertakariak. Ez iritziak, ez kontakizunak: gertakari dokumentatuak.

Aurreko gobernu batek egindakoa aldatzea ez da gobernu horren lana mespretxatzea. Jesus Mari, hamabi urtez izan zinen Debako alkate, eta urte horietan egindako lana Debaren historiaren parte da, baina Debak aurrera jarraitu du eta jarraituko du. Herri baten bilakaera ezin da alkate ohi baten legatua babesteko edo haren garaian hartutako erabakiak ukiezin bihurtzeko beharraren arabera baldintzatu. Deba ez da alkate batena edo bestearena, eta ez da inoren legatu pertsonala: debarrena da.

Opakutasuna ere leporatzen digu, besteak beste, bere idatzi bati erantzunik eman ez zaiolako. Ahaztu egiten zaio lehen salaketa publikoa idatzia erregistratu eta hamar egunera egin zuela. Hamar egun. Hortik gobernu honen ustezko «ohiko opakutasuna» ondorioztatzeak gehiago esaten du akusazioaren sendotasunaz gobernu honen jardunaz baino.

Kritikatzea zilegi da. Gobernu honen erabakiekin ados ez egotea ere bai. Baina behin eta berriz akusazio larriak egitea, gertakariak behar bezala egiaztatu gabe, ez da kritika zorrotza.Eta hamabi urtez alkate eta EH Bildurekin batzarkide (hau aipatzea ahaztu egiten zaio, kasualitatez) izan den norbaitengandik, zorroztasun handiagoa espero zitekeen.

Nire aldetik, hemen amaitzen da eztabaida hau. Ez dut gutun-truke honekin jarraituko. Gudarien Plaza berritua laster izango dute debarrak eskura, eta herritarrek beraiek ikusi eta baloratuko dute egindako lana.

Alazne Txurruka
Debako alkatea