'Debako surfaren historia 1980 eta 2026 artean' fanzinea aurkeztuko dute gaur Kultur Elkartean

Izaro Aulestiarte Lete

Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak autoekoiztutako fanzinea aurkezteaz gain, 'Debako surfa lehen eta orain' mahai-ingurua ere egingo dute bertan, 19:00etatik aurrera. Hitzordua Zurrunbiloren merchandising postuak eta Iskra Selectors-en binilo 'pintxadak' girotuko dute. 

Mende laurdena bete du aurten Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak eta urtemuga biribila ez da oharkabean pasa herrian. Besteak beste, egun osoko festa jendetsua egin zuten maiatzaren 30ean; oraingoan, berriz, elkarteko bazkideei nahiz interesa duten herritar guztiei zuzendutako ekitaldi berezia iragarri dute.

Kultur Elkartean jarri dute hitzordua, gaur (irailak 4), 19:00etan. Bertan, Debako surfaren historia 1980 eta 2026 artean izenburuko fanzinea aurkeztuko dute lehenik. Ander Tolosa Urcelayren testuek eta argazkiek jantzi dute argitalpena, Zurrunbiloren zuzendaritza taldea arduratu da lana berrikusteaz eta Alex Turrillasek (Sutan Grafik) egin ditu maketazio eta diseinu lanak. Elkarteko kideek laburbildu dutenez, funtsean, Zurrunbiloren historia eta surfak urte hauetan guztietan Deban izan duen bilakaera biltzen ditu lanak.

Fanzinearen aurkezpenaren ondoren, "Debako lau surflari historiko" ariko dira Surfa lehen eta orain izenburuko mahai-inguruan. Iñigo Galarraga, Irene Txurruka, Sabas Bedialauneta eta Jon Egaña izango dira gonbidatuak, eta Miren Artetxek egingo ditu moderatzaile lanak.

Bestalde, Zurrunbiloren merchandising postua jarriko dutela ere aurreratu dute, eta Iskra Selectors-en binilo pintxadak girotu eta biribilduko du hitzordua. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, "elkarteko bazkideak eta interesa duten herritar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta".