Arimen Gaua iragartzeko bideoa plazaratu dute Deban

Izaro Aulestiarte Lete

Orain bi urte egin bezalaxe, aurten ere ospakizuna iragartzeko bideo labur bat prestatu eta zabaldu dute Deban. Herrian bertan grabatu dute ikus-entzunezkoa, eta herritarrak ditu protagonista.

Urriaren 31n egingo dute Deban Arimen Gaua ospatzeko ekitaldi nagusia, baina pasa den astetik abian dago tokiko hamaika eragilek eta norbanakok elkarlanean ondu duten egitarau herrikoia. Gaur, urriaren 23an, talde eragileak aurtengo ospakizuna iragartzeko bideoa zabaldu du sareetan. Herrian bertan, Kultur Elkarteko plazatxoan, grabatu dute ikus-entzunezkoa, eta adin orotako herritarrak ditu protagonista.

Arimen Gauak oinarri dituen baloreak nabarmentzeaz gain, lau haizetara zabaldu dute "herriak herriarentzat egindako" egitasmoan parte hartzeko deialdia: "Gu aurten Arimen Gaua ospatzera goaz. Eta zuek? Zer ospatzen duzue?". Bada, abian dago egitaraua eta egina dago ekimenerata batzeko gonbidapena.

Gogorarazi dutenez, hilaren 31n ez ezik, beste hainbat egunetan ere egongo da zer ikusia eta zer gozatua herrian. Albiste honetan duzue egitarau osoa.