Silvia Cisnerosek hitzaldia emango du gaur, Debako Kultur Elkartean

Izaro Aulestiarte Lete

Telmo Lazkano gonbidatuarekin hasi zuten hitzaldi-sorta, azaroaren 3an.

'Haur eta nerabeen neurogarapen egokirako gakoak' izenburupean ariko da aditua; 17:30ean hasiko da Altxa Burua taldeak antolatutako saioa.

Gaur, hilak 24, Silvia Cisneros mediku, ikerlari eta osasun digitalean adituaren Haur eta nerabeen neurogarapen egokirako gakoak hitzaldia izango da Kultur Elkartean, 17:30ean; haurren eta gazteen ongizate digitala ardatz hartuta, Altxa Burua Deba-Itziar taldeak azarorako antolatutako hitzaldi-zikloaren baitan egingo da saioa.

Debako eta Itziarko ikastetxeetan garatzen ari diren Doitu formazio programarekin lotuta daude Altxa Buruaren hitzaldiak, eskoletan lantzen dihardutenaren "osagarri" baitira, hain zuzen. Egitaraua azaroaren 3an hasi zuten, Telmo Lazkano gonbidatuarekin, eta abenduaren 15ean egingo dute azken solasaldia, 18:00etan, Kultur Elkartean: hezkuntza digitalean aditu Edurne Emazabel ariko da agertokian, Familiak digitalki ahalduntzen; askatasunez hezi aro digitalean gaia hizpide hartuta.