Gaur, azaroak 25 dituen honetan, hainbat ekitaldi eta mobilizazio egin dituzte Euskal Herri osoan barrena, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Deban ere bat egin dute edozein motatako indarkeria matxista gaitzesteko aldarriekin.
Herrian bi deialdi nagusi egin dituzte, biak ala biak iluntzean. Lehenengoa, 18:30ean, Debako Sare Feministak deitutako Sarea gara ekimena izan da. Indarkeria matxistaren aurrean, saretze feminista lelopean egin dute hitzordua, eta, hasiera batean, Foruen Plazan biltzekoak baziren ere, eguraldi txarra dela eta, lekuz aldatu behar izan dute ekitaldia. Azkenean, udaletxeko arkupeetan elkartu dira ekimenean parte hartu duten dozenaka herritar.
Performance parte-hartzailea
Ekitaldian, performance moduko bat egin dute indarkeria matxistaren aurrean emakumeen arteko sareak duen garrantzia irudikatzeko. Horretarako, lurrean pankarta handi bat jarri dute, Indarkeria matxistaren aurrean, saretze feminista leloarekin. Haren inguruan hainbat emakume kokatu dira, borobilean, eta, elkarrekin, sare bat osatu dute artile morea erabiliz.
Performancea egin bitartean, gainera, mikrofonoaren bidez hainbat mezu eta aldarri ere zabaldu dituzte; indarkeria matxista salatzeko eta emakumeen eskubideak defendatzeko mezuak izan dira ardatz nagusiak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, Miren Amurizak Berria egunkarian 2017ko azaroaren 25aren harira argitaratutako Madarikatuak testua hartu dute ekintzarako oinarri, eta, horrekin, indarkeria matxistaren erantzule eta konplizeak seinalatu nahi izan dituzte, baita indarkeria mota guztien aurkako jarrera agerian utzi ere. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria ez da eraso fisikoetara edo sexu-erasoetara mugatzen. Bortxaketak, ukituak, bikote barruko erasoak eta emakumeen salerosketa salatzeaz gain, eguneroko bizitzan gertatzen diren mikromatxismoak eta indarkeria sinbolikoa ere jarri dituzte erdigunean. Horrekin batera, azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak ere ekarri nahi izan dituzte gogora.
Txalo artean amaitu dute ekimena. Amaieran, antolatzaileek arkupeetan bildutako herritarrak ekimenean egindako sare morearekin bat egitera gonbidatu dituzte, eta sarearen azpian bildu dira guztiak.
Elkarretaratzea
Debako Sare Feministaren ekimenaren ondoren, Debako Udalak deitutako mobilizazioak hartu du lekukoa. 19:00etan hasita, beste dozenaka herritar elkartu dira Foruen Plazan egin den elkarretaratzean. Emakumeenganako indarkeriak ez! leloa zeraman pankartaren atzean kokatu dira parte-hartzaileak, modu isilean emakumeen kontrako indarkeria salatzeko.
Udal Gobernuak azpimarratu duenez, deialdi horren bidez "indarkeria matxistaren aurkako gaitzespen kolektiboa ikusarazi eta Debak berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin duen konpromisoa berretsi" nahi izan dute.