Artarrai Mendi Taldeko antolatzaileek Hiru Txikiak Traileko izen-emateak zabaldu zituzten atzo, 18:00etan, Kronoak plataformaren bitartez. Iaz bezala, martxako 350 dortsalak minutu gutxian agortu dira. Trail luzearen kasuan, 10 orduan agortu ziren iaz, eta aurten, 90 minutuan saldu dira guztiak. Markak meritu handiagoa du aurten, bi trail daudelako, 42 kilometroko betikoa, eta 27 kilometroko berria. Azken honetan, oraindik dortsal gutxi batzuk geratzen direla jakinarazi dute antolakuntzatik, eta Gazte Trailean ere plaza libreak daudela oraindik.
Irailaren 19an burutuko den bosgarren edizioa galdu nahi ez dutenek, modalitate hauetan apuntatzeko aukera dute oraindik lotura honetan. Trail ertainak 30 euroko prezioa izango du ekainaren 30era arte (gerora 35 euroko kostua izango du); Gazte Trailekoek, berriz, 15 euroko prezio murriztua dute (20 euro gerora).
Antolakuntzatik adierazi dute ez dutela hitzik "jasotako erantzun ikaragarri hau eskertzeko, eta babes honek "inoizko ediziorik onena prestatzeko energia guztia" ematen diela. Plaza lortu duten "zortedunak" zoriondu dituzte eta "zapatillak lotzen hasteko" eskatu diete: "laster elkartuko gara-eta gailurretan".