Autobideko erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko egingo dituzten lan horien ondorioz, zirkulazioa bideratzeko behin-behineko bide alternatiboa -bypassa deitzen diote- sortuko dute errepide zati horretan, Behobiako noranzkoan. Zehazki, aipaturiko bypassa larunbatean jarriko dute martxan: 16:00etan hasiko da eta igandeko 15:00ak bitartean egongo da. Horren ostean, ezkerreko erreiak itxita jarraituko du 64,500 eta 64,000 puntu kilometrikoen artean.
Era berean, AP-8rako Elgoibarko sarrerari ere eragingo diote lanek, izan ere, guztiz itxiko dute larunbateko 15:30etik, igandeko 15:30era bitartean. Tarte horretan, lotune honen erabiltzaileek, Behobiarantz joan nahi badute, AP-8rako sarrera Eibar edo Itziarko lotuneen bitartez egin beharko dute.
Igande eta astelehen gauerako afekzioak
Bidegitik zehaztu dutenez, fresatua egiteko lanak igande eta astelehen gauetan amaitzea aurreikusten dute, eta eragina edukiko dute Behobiako noranzkoko bi erreietan, eta baita Elgoibarko ordainlekuan ere. Honakoak:
Maiatzaren 10etik (igandea) 11rako (astelehena) gauean fresatu-lanak 64,500 eta 64,000 puntu kilometrikoen artean egingo dituzte, eta horrek bi erreietan zein Behobiako noranzkoan AP-8rako Elgoibarko sarreran afekzioak eragingo ditu. Hortaz, igandean, behin-behineko bide alternatiboa ezarri ostean, itxi egingo dute ezkerreko erreia, 22:30ak arte. Era berean, 22:30etatik 04:00etara itxita egongo da AP-8ko Elgoibarko sarrera, Behobiako norabidean.
Astelehenetik asteartera, Mendaro parean
Maiatzaren 11tik 12rako gauean, hau da, astelehenetik asteartera, Mendaro parean egingo dituzte fresatze-lanak; hain justu ere, 62,300 eta 62,000 puntu kilometrikoen artean. Lanok honako eraginak edukiko dituzte zirkulazioan: 20:00etatik 01:00etara ezkerreko erreia itxiko dute, eta 01:00etatik aurrera eskuineko erreian egingo dituzte fresatze-lanak. Lanok asteartean bukatuko dituzte, goizaldeko 06:00etan.
Bidegiko arduradunek ohartarazi dutenez, aurrez aipaturiko ordutegiak "gutxi-gorabeherakoak dira", eta aldaketak izan daitezke, besteak beste, eguraldiak izan dezakeen eraginagatik. Lanon harira, zuhurtziaz gidatzeko gomendioa egin diete gidariei, eta eskatu dute lanean arituko diren langilee argibideak jarraitzeko eta bide seinaleei kasu egiteko.