Unescoko ebaluatzaileak, Geoparkean bisitan

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 12a

Unescoren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eusteko azterketa ari da egiten egunotan Euskal Kostaldeko Geoparkea.

Euskal Kostaldeko Geoparkea bere ibilbideko laugarren errebalida prozesuan murgilduta dabil aste honetan. Igandeaz geroztik eta bihar arte, Unescorentzat txostena egingo duten ebaluatzaileak Deban, Mutrikun eta Zumaian dabiltza azken lau urteko lorpenak ikuskatzen. 

Emmaline Rosado-González mexikarra eta Alexandru Andrasanu errumaniarra dira ebaluatzaileak, eta Geoparkeak Unescoren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzea da euren zeregina. Horretarako, tokiko instituzioetako ordezkariekin biltzen eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako interesgune nagusiak bisitatzen ari dira egunotan.