60ko eta 70eko hamarkadetan euskal kantagintzaren izar nagusietako bat izan zen Iriondo, eta handia izan zen hark euskal kulturaren berrikuntzari egindako ekarpena, nahiz eta lausotu samar iritsi den gaur egunera. Eta, hain justu ere, haren obra bildu eta eskura jartzen aritu diren bi lagunetako batek hasiko du gaur Euskal Jaia, Alex Gurrutxaga idazle eta irakasleak (Zarautz, 1998) –Lorea Jainaga eibartarra izan du lagun, eta joan zen asteko zenbakian argitaratu genuen hari egindako elkarrizketa–.
Hitza eta kantua mimoz landu zituen Iriondok, eta mimo berarekin osatu dute Euskal Jaiko egitaraua antolatzaileek. Eskaintza bete horretan denetariko ekintzak izango dira, zortzi egunetan banatuta, hala nola bakarrizketak, film-proiekzioak, hitzaldiak, dantzaldiak, erromeriak, kontzertuak eta askotariko kale-animazioa. Antolakuntzari lotutako berrikuntzak ere badira aurtengo egitarauan, eta bereziki bat nabarmendu du Klub Deportiboko Julen Bartolomek: "Urteroko kantu-afariari buelta bat eman nahi izan diogu, eta aurten, afaritarako barik bazkaltzeko elkartuko gara. Zapatuan egingo dugu kantu-bazkaria, eta, horrekin batera, domekan egin izan ditugun ekintzak ere zapatura pasatu ditugu. Gure indar eta ahalak bigarren zapatu hori borobiltzen jarriko ditugu beraz, eta, hartara, atseden hartzeko izango dugu igandea denok ere. Hori bai, egitarauan ere azpimarratu dugu, baina nahi genuke zapatuan baserritar jantzita irtetea jendea kalera".
Era berean, eta gastuak gutxitzeko, kantu-bazkaria Errebalen egingo dute, Untzagan karpapean barik. "Karparen alokairua garestia da oso, eta nahiago izan dugu dirua kultur eskaintzan inbertitu", zehaztu du, horren harira. Egindako apustuen artean, bi nabarmendu ditu: batetik, Hondarribiko Sorotan Bele taldeak eta Eibarko Udal Musika Bandak maiatzaren 29an elkarrekin Untzagan emango duten kontzertua; eta, bestetik, Euskal Jaiko dantza-jaialdia. Euskal musika zeltako talde aitzindaria izan zen Sorotan Bele, 1991n sortu eta 1998an desegin zen arte sona handia hartu zuena. Gaur egun, noizbehinka elkartzen dira orduko taldekideak kontzertuak emateko nahiz kultur ekitaldietan parte hartzeko, eta denbora gutxiren barruan, birritan entzuteko aukera izango dugu Debabarrenean, ekainaren 12an Elgoibarren joko baitute, hango Udal Musika Bandarekin. Euskal Jaiko dantza-jaialdia, berriz, Joseba Tapiarekin egingo dute aurten. Tapiak 36ko gerrako bizipenen soinu-banda osatua du, eta haren erritmora dantzatuko dira Kezka, Haritz, Gure-Kai, Gorosarri eta Txindurri dantza taldeetako lagunak. Joseba Tapiarekin batera Arkaitz Miner, Quigo Puges eta Iraide Ansorena musikariek parte hartuko dute saio horretan.
Horiexek dira antolatzaileek eurek egitarautik nabarmendu dituzten bi ekintza nagusiak, baina hori baino gehiago izango da Euskal Jaia. Hona, puntuz puntu:
EGITARAUA
GAUR, HILAK 21, EGUENA
- 19:00 Hitzaldia eta kantaldia, Klub Deportiboan, Alex Gurrutxagaren eskutik: Lourdes Iriondo, bide-urratzaile.
BIHAR, HILAK 22, BARIKUA
- 18:45 Idoia Torregarairen eta Mirari Martiarenaren Eskailarapekoa bakarrizketa, Klub Deportibo parean.
MAIATZAK 23, ZAPATUA
- 19:00 Bakarrizketak, Klub Deportiboan. Lander Varona, Beñat Iturbe eta Jone Bengoa eibartarra.
- 20:00 Ur eta Mixerabliak taldeen kontzertuak, Klub Deportibo parean.
MAIATZAK 24, DOMEKA
- 18:00 Oteiza 14 apostolu filmaren proiekzioa, aurkezpena eta solasaldia, Portalean. Ondoren, 19:30ean, Apostoluen sokadantza, Juan Antonio Urbeltzekin.
MAIATZAK 28, EGUENA
- 19:00 Esnatu ala hil hitzaldia, Klub Deportiboan. Hizlaria: Garikoitz Goikoetxea.
MAIATZAK 29, BARIKUA
- 19:00-21:30 Kale-animazioa, herriko kaleetan zehar. Bertso-triki poteoa, Mauxitxa txarangaren kalejira, Txistulariak eta Eibarko Gaiteroak.
- 22:00 Kontzertua: Sorotan Bele eta Eibarko Udal Musika Banda, Untzagan.
MAIATZAK 30, ZAPATUA
- 09:30-14:30 Artisauen eta baserritarren azoka, Toribio Etxeberria kalean. Untzagako arkupeetan standa jarriko du Klub Deportiboak, eta talo-postua Gure Esku Dagok. Azokan izango diren artisauak: Hartara, Eskune, Eskulan, Isabel Orozco, Zugehini... Baserritarrak: Amazabalegi, Sosola, Loixola, Mandiola Gainekua, Egotza eta Lizagasar.
- 11:30-13:00 VI. Pala Txapelketako finalak, Astelenan.
- 11:00-12:30 Herri-kirolak, Untzagan. Kirolariak: Zihara Zabala, Leire Olea, Jon Loiola eta Jon Lapazaran. Esataria: Ibon Iza.
- 12:00-15:00 Kale-animazioa, herriko kaleetan. Txistu-potea, Tolosako Gaiteroak eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak.
- 12:15 Euskal Jaiko kalejira, Errebaletik, dantza ikuskizunean parte hartuko duten eragile guztiekin.
- 12:35 Dantza jaialdia, Untzagan. Joseba Tapia: Gerrako gure ibilerak.
- 15:00 Kantu-bazkaria, Errebalen.
- 18:00 Kalejira, Errebaletik Klub Deportibora.
- 18:15 Dantzaldia. Eingo taldearekin, Klub Deportibo parean.
- 20:00 Larrain Dantza herrikoia, Klub Deportibo parean, eta ondoren, Kultu taberna aurrean.
- 20:30 Binilo-pintxada, Klub Deportibo parean. Iskra Selectors.
- 23:00 Itziarren Semeak eta Mugi Panderoa taldeen kontzertuak.