Erakustaldia emanez gailendu da Maite Urteaga Elgoibarren bukatu den Gipuzkoako Itzulian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 25a

Regina Gonzalez Somarriba, kadeteetan azkarrena Elgoibarren, eta Maite Urteaga Itzuliko irabazlea Open mailan. BARRENA/ELT.

Maite Urteaga Sorazuk (Zumaia, 2000) irabazi du Emakumezkoen Gipuzkoako VI. Itzulia. Txirrindulari zumaiarrak erabateko nagusitasuna erakutsi du.

Maite Urteagak Gipuzkoako Itzuliko hiru etapak irabazita eskuratu du garaipena Open mailan (23 urtez azpikoak eta elitekoak). Open mailako txirrindulariez gainera, juniorrak eta kadeteak ere lehiatu dira, azken horiek ibilbide laburragoetan. Guztira 213 txirrindulari aritu dira lehian itzulian eta egunotan egin duen bero sapari egin behar izan diote aurre errepideetan. 

Tolosa, Deba eta Elgoibar

Gipuzkoako Itzuliaren seigarren ekitaldia izan dena Tolosatik abiatu zen ostiralean, erlojuaren aurkako 3,7 kilometroko saioarekin, eta Maite Urteaga izan zen azkarrena (0:05:16). Zumaiarrak 42,15 kilometro orduko batez besteko abiadura lortu zuen. (Tolosako etapako sailkapenak-PDF eta irudiak)

Bigarren etapa Deban hasi eta amaitu zen zapatuan, eta hor ere zumaiarra izan zen nagusi. Grupo Eulen-Amenabar taldeko ordezkariak bakarrik gurutzatu zuen helmuga marra, eta 42 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Maier Olano Arozenari (Massi Baix Ter). Bianca Olympia Norrid-Mortensen sailkatu zen hirugarren postuan Deban, irabazlearengandik minutu eta 36 segundora. (Debako etapako sailkapenak -PDF-)

Debako etapan, gainera, Angel Egaña 'Txapasta', Enrike Gil eta Alex Ugalde omendu zituzten, txirrindularitza sustatzeko egindako lanagatik.

Itzuliko azken etapa Elgoibarren hasi eta bukatu zen igandean, eta Gipuzkoako Txirrindulari Federazioak Elgoibarko Lagun Taldearen laguntza eduki zuen antolakuntzan. Era berean, dozenaka boluntariren lanari esker jokatu ahal izan zuten proba. Kirol lehiari dagokionean, aurreko egunetan moduan, Urteaga izan zen txirrindularirik indartsuena, ezbairik gabe. Bezperan moduan, bakar-bakarrik ailegatu zen Bernardo Ezenarro kalean zegoen helmuga marrara, eta lasai asko ospatu zuen garaipen bikoitza, etapa eta sailkapen nagusia irabaztea, alegia. Irabazleak 36,7 kilometro orduko batez besteko abiadura lortu zuen ibilbideak zituen 88,9 kilometroetan. Zumaiarra 2022. urtean hasi zen txirrindularitzan eta Idotorbeko Igoeran hartu zuen parte urte hartan. Lau urtean egin duen aurrerapen itzela izan da, eta bigarren urtez jarraian irabazi du Gipuzkoako Itzulia, Urteaga iazkoan ere gailendu baitzen.

Hiru txirrindulari gainerakoen gainetik

Sailkapen nagusian Urteagak Maier Olano Arozena txirrindulari tolosarra (Massi Baix Ter) eta Bianca Olympia Norrid-Mortensen danimarkarra (Grupo Eulen-Amenabar) izan ditu atzetik: Olano 01:18ko atzerapenarekin eta Norrid-Mortensen 03:16koarekin. Hain zuzen, azken sailkapenak bat egin du Debako eta Elgoibarko etapetan errepikatu den podiumekin, hiru txirrindulariok nabarmendu baitira lineako bi etapetan. 

Taldeka Grupo Eulen-Amenabar gailendu da sailkapen nagusian, eta Massi Baix Ter sailkatu zen bigarren postuan, 01:39ra. (azken etapako sailkapen guztiak)

Agueda Sanchez azkarrena juniorretan

Junior kategoriako txirrindularien artean Agueda Sanchez Llambias (Tenerife Bike Point-La Sede) izan da onena. Sanchezek hirugarren postua eskuratu zuen Tolosako erlojupekoan, bigarrena Debako etapan eta garaipena Elgoibarkoan. Hala, sailkapen nagusian minutu eta 48 segundoko aldea atera dio Ane Zubeldia Peñagarikanori (JRG Norclamp) eta 3 minutu eta 18 segundokoa Noa Alderete Martinezi (Tenerife Bike).

Gisela Herrero nagusi kadeteetan

Kadete mailan Gisela Herrero Herrero (Mirat Team) gailendu da sailkapen nagusian. Herrerok 25 segundoko aldea atera dio June del Teso Olaizolari (JRG Norclamp OTXE) eta 44 segundokoa hirugarren postua eskuratu duen Regina Gonzalez Somarribari (Occident Punta Galea). Hain justu, Gonzalez izan zen azkarrena Elgoibarren bukatu zen azken etapan. 11 txirrindulariren artean jokatu zuten esprintean erabaki zen etapa. Debako etapan Gisela Herrero gailendu zen, 38 segundoko aldea aterata bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren June Del Tesori eta Noa Vegari.  

Azken etapa, irudietan (Arg: BARRENA eta Elgoibarko Lagun Taldea)