Hil hasieran fresatze-lanak egin zituzten Mendaro eta Elgoibar artean, eta orain asfaltatze lanak egingo dituzte, maiatzaren 30etik 31ra, larunbatetik igandera. Lan horiek eragina edukiko dute autobidearen ohiko funtzionamenduan. Zehatzago, larunbatean, 16:00etatik aurrera sahiesbidea (bypassa) jarriko dute errepideko 64,700 eta 61,000 kilometroen artean. Horren ondorioz, Behobiako noranzkoan doan trafikoa Bilboko noranzkoako plataformatik desbideratuko dute. Hori dela-eta, larunbatean, 15:00etatik aurrera eragina edukiko dute Elgoibarko ordainsari edo lotunean, sarreran zein irteeran. Horiek horrela, 15:00etatik aurrera Elgoibarko sarrera Behobiako norabidean guztiz itxiko dute, eta 15:30etik aurrera, aldiz, irteera.
Ondo bidean, Bidegiko arduradunek aurreikusten dute Elgoibarko irteera igandean goizaldeko 04:00etan berriro zabaldu ahal izatea. Sarrerak, berriz, bypassa kentzen den arte itxita jarraituko du, hau da, igandea 14:00ak arte.
Lanek irauten duten bitartean, lotune honen erabiltzaileek AP-8rako sarrera zein irteera Behobiako norabidean Eibar edo Itziarko lotuneen bitartez egin beharko dute.
Bidegik jakinarazten du ordutegi hauek guztiak gutxi gorabeherakoak direla, izan ere, eguraldia bezalako faktoreek aldaketak eragin ditzakete. Horren harian, gomendatzen du zuhurtziaz gidatzeko eta seinaleen zein lanean arituko diren langileen instrukzioak jarraitzeko.
46 kilometrotan bidezorua birgaitzeko kanpaina
Elgoibar eta Mendaro arteko eremuaren zoladura berritzea 2026-207 kanpainaren barruan egingo dute, eta kanpainako lehen jarduera izango da. Bidegik 14,9 milioi euroko inbertsioa egingo du kanpaina honetan 46 kilometrotan zoladura berritzeko. Helburua da zoladuraren egitura eta funtzio-baldintzak mantentzea, eta bide-segurtasuna eta bide-sarearen zerbitzu-maila zaintzea.