Espainiako Igeriketa Txapelketaren 113. edizioa (Open Trials Astrapool) jokatu zuten aurreko asteburuan, Palma de Mallorcan (Balear Uharteak). Estatuko igerilari onenak lehiatu ziren Son Hugo udal igerileku olinpikoan (50 metroko luzera eta 10 kale), eta lehiakideen artean izan ziren Eibar Igerixan taldeko Iker eta Paula Calvo neba-arreba elgoibartarrak. Paula bost probatan lehiatu zen: 200 metro libre, 200 metro bizkar, 100 metro libre, 100 metro bizkar eta 50 metro bizkar. Horietako bitan lortu zuen finalerako sailkatzea: 200 metroko bizkar estiloko proban, non 02:21.01eko denbora eginda, hirugarren postuan sailkatu zen B finalean; eta, hamaikagarren postuan sailkapen nagusian. Bizkar estiloko 100 metrokoan ere sailkatu zen B finalerako, eta seigarren postuan sailkatu zen, 01:04.03ko denborarekin. Paularen denboraldiko helburu nagusia junior mailako Espainiako Txapelketan lehiatzea da, bere adinekoekin, alegia, eta harako prestatzeko aukera eman dio Espainiako igerilari onenekin lehiatzeak. Sabadell hiriak hartuko du junior mailako Espainiako txapelketa hori, uztailaren 23tik 26ra bitartean.
Iker Calvo 50 metro bizkar proban lehiatu zen Mallorcan, baina ez zen finalerako sailkatu.
Espainiako Txapelketan parte hartzen duten igerilari gehienek haien markak hobetzeko baliatzen dute aukera, eta gutxi batzuek, abuztuaren 10etik 16ra Parisen jokatuko duten Europako Txapelketara sailkatzeko gutxieneko denborak egitea izaten dute helburu.
Euskal Herriko Txapelketa, asteburuan
Asteburu honetan, junior eta senior mailako Euskal Herriko Igerketa Txapelketa jokatuko dute Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan.