Zabalik da Euskal Kostaldeko Geoparkeak urrirako antolatu dituen jardunaldi irekietarako izen-ematea

Izaro Aulestiarte Lete

Geoparkeko langile bat, bisitariei azalpenak ematen. Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Asteon zabaldu dute Unescoren Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen XI. Jardunaldi Irekietan parte hartzeko izen-ematea. Topaketak urriaren 7an eta 8an egingo dira, Euskal Kostaldeko Geoparkeko hiru herrietan.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak hartuko ditu Geoparkeen Sarearen jardunaldi irekiak, urriaren 7an eta 8an. Egun horietan, dozenaka profesional elkartuko dira inguruotan, ondarearen interpretazioaz eta komunikazioaz hausnartzeko. Esteka honetan eman daiteke jardunaldietarako izena, eta bertan kontsulta daiteke egitaraua.

Urriaren 7an (asteazkena) Zumaiako Aita Mari antzokian abiatuko dira jardunaldiak, 09:00etan, erakundeetako ordezkarien hitzaldiekin. Ondoren, Lurraren Historiaren irakurketa jarraitua egingo dute, hau da, azaldu dutenez, "Estatuko 18 geoparkeek denbora-lerro geologikoa osatuko dute jendaurrean". Jarraian, mahai-inguruen txanda izango da. Lurraren historiaren dibulgazioa eta interpretazioa nola gauzatzen den aztertuko dute, lau bloketan banatuta: lehen blokean, Panelak eta Geoibilbideak izango da gai nagusia; bigarrenean, bisita gidatuez hitz egingo dute; hirugarrenean, berriz, interpretazio-zentroak izango dituzte hizpide; eta, azkenik, Interpretazio-materialaz solastuko dira. Bukatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkean Interpretazioari aplikatutako neuromarketing-ikerketaren ondorioak azalduko dituzte.

Jardunaldia bukatuta, Zumaia ezagutzera joango dira parte hartzaileak. Flyscha oinez eta itsasoz ezagutuko dute eta, ondoren, euskara eta euskal kulturari buruzko bisita gidatuaz gozatuko dute.

Hurrengo egunean, urriaren 8an, landa-irteera egingo dute Debako HAB (Historiaurreko Bailara) eta Mutrikuko erdigune historikoa eta Talaixa Geomuseo berria ezagutzeko.

Geoparkeetako ordezkariek, zientzialariek, adituek, komunikazio eta interpretazio arloko profesionalek zein tokiko eragile eta biztanleek parte har dezakete topaketan. Horretarako, hori bai, aurrez izena eman beharra dago.