Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak Europako Geoparkeen batzarrean parte hartzen ari dira

Izaro Aulestiarte Lete

Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso, hitzaldi batean. Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Aurten, Finlandiako Lappeenranta hirian ospatzen ari dira Europako Geoparkeen 18. Nazioarteko Batzarra eta bertan daude Euskal Kostaldeko Geoparkeko zenbait ordezkari.

Europako Geoparkeen Batzarra Saimaa Geoparkean egiten ari dira aurten; atzo (irailak 16) hasi zen topaketa eta bihar, ostiralez, amaituko da. Euskal Kostaldeko Geoparkeak laburbildu bezala, lehenengo bi egunetan, hitzaldi magistralak, ahozko aurkezpenak eta tailerrak egingo dituzte. Gaur, adibidez, Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak urriaren 7an eta 8an egingo dituzten Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekien inguruko hitzaldia eskainiko du.

Bestalde, IUGSen Ondare Geologikoaren Lantaldearen Koordinatzaile eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa den Asier Hilario Orusek koordinatuko du UNESCO Munduko Geoparkeen Geokontserbazioan izeneko tailerra. Bihar, topaketaren hirugarren egunean, landa-bisitak egingo dituzte UNESCO Saimaaren Munduko Geoparkean barrena.