Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da Sabin Urzelai (Caracas, Venezuela, 1955) eta Gipuzkoako Odol Bankuan aritu zen urteetan lanean, harik eta 2024an erretiroa hartu zuen arte. Baina soldatapeko lanak baino gehiagok lotzen du Urzelai gaur aztergai den gaiarekin: odolarekin. Izan ere, 2021az geroztik Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko lehendakaria da, bai eta Transfusio eta Terapia Zelularreko Espainiako Elkarteko diruzaina (SETS) eta odola emateko elkarte iberoamerikarreko batzordekidea ere. Abilidade bat duela dio: "Hizketa gaia edozein dela ere, beti amaitzen dut odolaz hizketan".
Errepikatuaren errepikatuz gauzek garrantzia galduko balute bezala da. Nola esan, zer egin, odola ematea behar-beharrezkoa dela kontzientziatzeko?
Arrisku hori du errepikakorra izateak, baina errepikatzekoa da izatez. Izan ere, lau lagunetik hiruk odola beharko dute beren bizitzan noizbait. Barneratuta dugu denok dugula eskubidea behar dugunean odola jasotzeko, baina eskubide hori izango badugu, odol emaileak behar ditugu. Begira, gaztelaniaz esaten da odol ematea ekintza altruista bat dela, baina niri ez zait askorik gustatzen altruista hitza, beti besteentzat lanean ari dena, akaberan, nekatu eta erre egiten delako. Nik nahiago dut esan odola ematea elkartasun keinu bat dela, gizartea solidarioagoa, konprometituagoa eta sendoagoa egiteko. Biztanleen %5 odol emaile balira, nahikoa genuke, baina nik beti diot gainerako %95ak ere baduela bere ardura: gure esku dagoena egitea odol emaile horiek lortzeko eta mimatzeko.
Odola jasotzea eskubidea bada, odola emateak erantzukizun partekatua izan behar duela, alegia.
Horixe. Madrilen martxoaren 11ko atentatu haiek izan zirenean egin zuten deialdiaren ondotik, bi orduan 4.000 odol poltsa jaso zituzten Estatu osoko odol bankuetatik. Beste jende asko ere hurbildu zen odola ematera, baina azken horien odola erabilgarri egoterako gutxienez 24 ordu pasatu ziren. Beraz, askorentzat berandu iritsi zen. Alegia, odolak egon behar duela gaixoa iritsi zain, eta ez gaixoak odolaren zain. Eta horretarako odol emaileak behar dira, munduan leku gutxitan daudenak. Ni Venezuelan jaioa naiz, eta han, esaterako, ez dago. Han norbaitek odola behar duenean familia guztia mobilizatu behar izaten du, Whatsappez, odola ematera joateko. Gogoan dut orain hamar bat urte gertatutakoa. Erasmus egitera joanak ziren bi gipuzkoarrek istripua izan zuten, eta, ondorioz, bietako batek zauri larriak izan zituen hankan eta besteak besoa galdu zuen. Ebakuntza egiteko ospitalera iritsi zirenean, bakoitzari 30 kartatxo eman zizkioten, 30na lagun topatzeko ebakuntzarako behar zuten odola eman zezaten. Munduan leku askotan dago hori. Horregatik esaten dut ehiztari-biltzaile nomadak barik nekazariak behar ditugula.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Ehiztari-biltzaile nomadak lirateke egunero-egunero 200 odol poltsa lortzera irteten direnak, baina, jakina, horrek esan nahi du egunero-egunero irten behar dutela. Odol emaile bat lortzea eta aldiro-aldiro itzul dadin lortzea askoz lan zailagoa da, baina lortuz gero badakizu odola izango duzula. Gure helburua da 18 eta 65 urte bitarteko ehun gipuzkoarretik hiru gutxienez odol emaile egitea. Zorionez, Euskal Herrian badago kultura bat. Hemen, norbaiti odol emailea den galdetzen badiozu, eta erantzuna ezezkoa bada, pertsona hori beti saiatuko da arrazoi bat ematen: dela xiringei beldurra diela, kirola egiten duela... Hori munduko leku askotan ez da gertatzen. Hemen jendeak barneratuta du, nolabait, odol emaile izan beharko lukeela.
Burutik ere ez zaigu pasatzen Venezuelako beste kasu hartan bageunde odolik izango ez genukeenik hemen, baina ez da beti hala izan, ala?
Aspaldira gabe 2.000. urtean, Bizkaian, ospitale jakin batzuetan, hala ibiltzen ziren eskean, eta Gipuzkoatik bidaltzen genien behar zuten odol klasea, baldin eta odola behar zuena odol emailea bazen. Hemen, Gipuzkoan, 1964an sortu genuen Odol Emaileen Elkartea. Ordura arte, odola erosi egiten zen eta odola ematen zutenei ordaindu egiten zitzaien. Bazeuden odol banku batzuk hiri handien inguruetan eta bazeuden emaile batzuk beharra zegoenean deitzen zitzaiena odola ematera joateko. Baina odola erosi egiten zen, eta, beraz, dirurik ez zuenak edo odola emateko prest zegoen gertukorik ez zuenak ezin zuen transfusiorik jaso. Horri erantzuteko sortu zuten elkartea Accion Catolicako erizainek. Gipuzkoako Odol Emaileen hasierako aktetan jasota dago, esaterako, biltzen zuten lehenengo odola beti tuberkulosiak jotakoak artatzeko Donostiako ospitalerako izaten zela, sasoi hartan han zeuden gaixo gehienak kanpotarrak eta pobreak zirelako. Laburbilduz: guk hemen dugun sistema altxor hutsa da, zaindu beharrekoa, eta horretan denok dugu ardura.
"Gutxienez, 18 eta 65 urte bitarteko ehun gipuzkoarretik hiru odol emaile egitea da helburua"
Bada beste kontu bat, beharbada, nabarmendu beharrekoa: odola ez da larrialdi handietan bakarrik behar izaten.
Norbaitek hezur-muina behar duenean albiste izaten da gurean, baina, odolik ez bagenu, egunero-egunero argitaratu beharko genuke era honetako titularren bat: Azaroan ezingo da ebakuntzarik egin, odola falta delako. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian 400 odol poltsa erabiltzen dira egunero-egunero. Adibide bat jarriko dizut: jo dezagun mundu osoan 48 orduan ezin dela transplanterik egin. Bada, kasu horretan, ez litzateke inor hilko, salbu odola behar duena, besteak bizi daitezkeelako makinari lotuta. Aldiz, istripu batean hemorragia izan duen bati lehenengo ordubetean odola sartu ezean, akabo, harenak egin du. Raphael abeslaria sarri entzun dut gibela eman zionari eskerrak ematen, baina hari ere esango nioke gibelarekin batera gutxienez 25 odol poltsa eta beste zenbait plasma eta plaketa poltsa sartu zizkiotela, eta odol hura egon izan ez balitz sartu ere ez zuketela egingo ebakuntza-gelara. Ospitalean bi-hiru poltsa odol sartzea eta jogurt bat ematea maila berean ikustera iritsi gara, baina odolak mantentzen du pertsona bizirik.
Odola ezin da artifizialki sortu, ala?
Lan honetan hasi ginenean esaten zen mila makinak ez zutela odol tanta bat sortuko. Orain, iraungitako odoletik ateratako hemoglobinarekin odol artifizial unibertsala garatzen ari da Japoniako zientzialari talde bat. Odol liofilizatua da -odol hautsa-. Jatorrizko zelula-mintzik ez duenez, ez ditu A, B, AB, O taldeetako antigenoak, ezta RH faktorekoak ere; beraz, edozein pertsonari jartzeko modukoa litzateke. Aurrerapen handia da, odol hauts hori serumarekin nahastuta, oxigenatuta mantendu ahalko genukeelako pertsona bat 5-6 orduan, baina hori lortzeko ere odol emaileak behar ditugu.
"Odola ematea elkartasun keinua da; gizartea solidarioago eta sendoago egiteko keinua"
"Odola falta da", entzuten dugu. Zer da, odol gehiago behar dela gaur ala emaileak gutxitu direla?
Odol emateetan beherakada igarri dugu. Izatez, ebakuntzetan-eta lehen baino odol gutxiago behar da gaur lehengo aldean. Batetik, kirurgia teknikak hobetu egin dira; eta, bestetik, orain odol transfusioa egitea gehiago zaintzen da. 80ko hamarkadan, ebakuntza egiten zitzaion gaixoari etxera joan bezperan odola sartzen zitzaion, kolore hobearekin joan zedin ospitaletik. Gaur ez dago halakorik. Gaur, Lau odol klasetan dago beharrik handiena: B+, AB+, 0+ eta A+. Eta odola ematea denon ardura dela. Oporraldia iritsita, kazetariek sarri egiten didate galdera bera: "Erlaxatu egin al dira odol emaileak?". Eta gauza bera erantzuten diet nik beti: "Ez, odol emaileak ez dira erlaxatu. Oporraldia da, eta oporretara joateko eskubidea dute. Hemen erlaxatuta bizi direnak besteak dira, odol emaile ez direnak".