11 jardunaldi jokatu eta gero, Markina-Xemeingo Lauzirika bolatokian jokatuko zuten, zapatuan, Bizkaiko Hiru Txirlo bola-joko txapelketaren 35. ekitaldiko finala. Azken tiraldi horretan 35 bolari lehiatu ziren, eta Berriatua taldeko Jabier Martino gailendu zen, plenoa eginda: 9 txirlo bota zituen hiru jaurtialdietan. Gotzon Uranga (8 txirlo) eta Sergio Onaindia (7 txirlo) sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.
Ibarluzea eta Olaizola nagusi azken sailkapenak
Sailkapen nagusiari dagokionez, txirlo baten aldeaz gailendu da Angel Ibarluzea. Goita taldeko ordezkariak 49 txirlo bota ditu txapelketa osoan, Sebas Aranzabalek baino bat gehiago, eta hirugarren postuan sailkatu den Mateo Goenagak baino bi gehiago. Ibarluzeak sei alditan irabazi izan du Gipuzkoako txapela eta Bizkaikoa ere batu du orain garaipenen bilduma oparo horretara, zeinean Euskal Herriko txapeldunaren txapelak ere egon badauden, lau guztira.
Emakumezkoetan Aitziber Olaizolak etxeratu du txapela, 28 txirlorekin. Nahia Etxaburu izan da txapeldunorde, 25 txirlorekin, eta Nekane Anta sailkatu da hirugarren postuan, 21 txirlorekin.
Taldekako sailkapenean Asterrika gailendu da, 182 txirlorekin, Mallabiako Goita izan da txapeldunorde (139 txirlo) eta Berriatuak eskuratu du hirugarren postua, 135 txirlo botata.
Bikotekako lehian Asier Azkaratek eta Sebas Aranzabalek osatutako bikoteak jantzi du txapela, 92 txirlorekin.
Beteranoen artean Sebas Aranzabal izan da onena (48 txirlo) eta gaztetxoetan Luken Martinoren burura joan da txapela (31 txirlo).
Argazkiak: Bola Jokorako Euskal Federazioa.