Txistua joaz lagun eta ikasle izan zirenak omenaldi bat egiteko asmoa zuten aspalditik eta bere heriotzaren bosgarren urteurrena aitzakia hartuta, maitasun handiz prestatu zuten berarekin lotura duen errepertorioa, “musikaren bidez, bere oroimena bizirik mantendu eta kulturarekiko izan zuen konpromisoari aitortza egiteko” helburuarekin, ekitaldiko aurkezle aritutako Maider Aranberrik azaldu zuenez.
Usartza taldeko txistulariek izan zuten protagonismoari laguntzen, belaunaldi desberdinetako eta beste diziplina batzuetako musikariek igo zuten oholtzara: Garikoitz Mendizabal eta Josu Agirre txistu solistak, Isabel Laspiur pianista, Marisol Arrillaga soinu-jolea eta soka boskotea osatuz Enrique Campos eta Javier Navascues biolinistak, Edurne Olazabal biola-jolea, Joaquin Marco kontrabajista eta Andres Robles biolontxelo-jolea. Gonbidatu berezi gisa, gitarrarekin, Peru Santos semea aritu zen. Pieza batzuk Kezkako dantzariez lagunduta taularatu zuten eta, azkenik, Enrique Montero izan zen kontzertuaren zuzendaria.

Ganbera-musikako piezez gain euskal musikako hainbat melodiez eta haien interpretazioaz gozatzeko aukera zuten bertaratutakoek, ekitaldia elkargune hunkigarri eta ederrean bihurtuz parte hartutako taldekide, senide, lagun eta herritar guztientzat. Bere ibilbide musikala gogoan, txistu karreraren azken azterketarako jo zuen Antonio Vivaldiren RV 443 Do Maior Kontzertua interpretatu zuten. Une hunkigarria izan zen Peru Santos semeak, Enrique Monterok txistuan eta Isabel Laspiurrek pianoan lagunduta, gitarrarekin Elena gogoan obra jo zuenean, Xabier Zabalak konposaturikoa. Malko ugari sortarazi zuten ere Josune Aramendi lobaren berbek eta izeko Elenaren gomutaz sortutako bertso-sortak.
Txalo, gorespen eta biba guztiez gozatu ostean, musikariek Ermuko elkarte gastronomiko baten eman zioten amaiera gozoa egunari.

Ezkerretik eskumara, Garikoitz Mendizabal eta Enrique Montero txistuarekin; Peru Santos gitarrarekin.