Joan zen astean eman genuen aurkikuntza honetan parte hartu dutenek Arkeoikuska aldizkari espezializatuan argitaratutako albistearen berri, baina gaur, martitzena, aurkeztu dute ofizialki aurkikuntza Irungo Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan. Aurkezpenean, lehen aurreratu zituzten datuak aletu ez eze, berriak ere jakinarazi dituzte.
Gauza jakina zen, esaterako, Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko kideek topatu zutela eskeletoa 2023an, Ormola Bide Ondoko Leizean galeria berri bat miatzen ari zirela. Lehoiaren hezurdura partzialki osorik topatu zuten, eta gerora, zientzialariek zehaztu zuten 2 eta 3 urte bitarteko lehoi ar baten eskeletoa zela. Gaur jakin dugu, berriz, aztertutako fosilen tamaina orokorra aztertuta, lehoi ale hori Pleistozeno Berantiarreko Panthera spelaea azpiespezieari dagokiola, eta erradiokarbono bidezko datazioaren arabera, duela 31.500 urte inguru hil zela. Zehaztu dutenez, azpiespezie hori Pleistozeno Ertaineko lehoia baino txikiagoa zen.
Ikerketa ez da amaitu
Lehoi honi buruzko ikerketa ez dela bukatu ere nabarmendu dute gaur aurkezpenean parte hartu duten paleontologoek. Izan ere, bildutako datu metriko guztiak Europako haitzuloetako lehoien erregistro fosilarekin alderatuko dituzte orain. Gainera, zehaztu dute espezie honen hazkuntza-eredua hobeto ulertzeko aukera emango duten datuak ere bildu dituztela, eta hezurdura horretatik DNA analisietarako laginak ere hartu dituztela, Vienako Unibertsitateko talde batekin lankidetzan.
Haitzuloetako lehoiak
Haitzuloetako lehoiak Eurasiako ekosistemetan bizi izan ziren ia milioi bat urtez, duela 14.000 eta 12.000 urte bitartean desagertu ziren arte. Garai hartan, animalia hauek hominidio-espezie ezberdinekin batera bizi ziren eta historiaurreko gizakiak haitzuloetako hormetako margolan eta grabatuetan irudikatu zituzten, baita apaingarri edo dekorazio-objektu batzuetan ere. Harrapari handiak ziren eta ekosistemaren elika-sarearen goialdean zeudenez, gutxi batzuk baino ez zeuden ingurunean. Haitzuloetako lehoia izenez ezagutzen baditugu ere eta, haien aztarna fosil gehienak ingurune karstikoetan topatu dituzten arren, animalia hauek ez ziren kobazuloetan bizi.
Ostiraleko BARRENAren papereko edizioan jasoko dituzue albiste honen inguruko jakingarri guztiak.

