Euskal Kostaldeko Geoparkeak Unescoren Munduko Geoparke izendapenari eutsi dio

Izaro Aulestiarte Lete

Unescoko ebaluatzaileak eta tokiko ordezkariak, Deban, maiatzean.

Ebaluatzaileen azterketa gaindituta, 'Txartel berdea' eskuratu du, laugarrenez.

Geoparkeak Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio, beste lau urtez, Unescoren oniritzia lortu ostean. Nazioarteko erakundeak atzo, asteartean, eman zuen bere erabakiaren berri, Parisen egiten ari den Munduko Geoparkeen Kontseiluaren XI. bilkuran. Aurrekoan bezalaxe, kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa Geoparkeak, eta Green card (Txartel berdea) delakoa lortu du, ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, hezkuntzan eta natura-turismoan egindako lanagatik eta geoparke "sendo eta osasuntsua" izateagatik.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen laugarren aldia da, eta oraingoan ere adituek ez dute inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak adierazi duenez, "berrespen horrek berme bat ematen dio Geoparkeari. Hainbeste urte igaro eta gero, geoparke sendo bihurtu garela jasotzen du Unescoko ebaluatzaileen txostenak; bertako agenteen inplikazioa eta gure estrategia errealista bezain asmo handikoa goraipatzen dituzte".

Geoparkearen bidelagun guztiak zoriondu eta haien "ezinbesteko kolaborazioa" ere eskertu du kudeatzaileak: "Zorionak eta eskerrik asko ibilbide luze honetan Geoparkearen ondoan egon diren guztiei –herritarrak, elkarteak, enpresak, udaletako ordezkariak, alkateak...–, denon artean lortu baitugu ebaluazio hau gainditzea. Guztion lanaren emaitza izan da eta bultzada ematen digu beste hainbat urtean lanean jarraitzeko".

Ildo beretik, Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako udalek ere –Deba, Mutriku eta Zumaia– pozik hartu dute albistea. Alazne Txurruka Debako alkateak, adibidez, hauxe azpimarratu du: "Errekonozimendu horrek gure lurraldea babesteko eta bere garapena sustatzeko lanean jarraitzera animatzen gaitu".  

Ebaluazioa, maiatzean

Maiatzaren 10etik 13ra egin zen Unescoko adituen azterketa tokiko Geoparkean. Bertan izan ziren ebaluatzaileen txostenak nabarmentzen duenez, bertokoa "geoparke sendoa da, gobernantza irmoa, kudeaketa-talde ona, geozientifiko bikainak eta finantza-egoera egonkorra dituena, eta tokiko, probintziako, eskualdeko eta nazioarteko inplikazio handia duena".