Elkarrizketa

Asier Gomez-Olivencia: "Espezie oso baten eboluzioa ulertzeko izango da lagungarri Ormolako lehoiaren aurkikuntza"

Ainara Argoitia Arano

Asier Gomez-Olivencia palentologoa Ormola Bide Ondoko Leizean, indusketa lanetan.

Paleontologoa eta giza eboluzioan espezializatutako doktorea da Asier Gomez-Olivencia (Barakaldo,1979), eta hura izan da Mendaron, Ormola Bide Ondoko Leizean, industen jardun duenetako bat. Era berean, hark zuzendu du Ormolako lehoiaren inguruan Alvar Manjon Garciak master amaierako lanerako egin duen ikerketa-lana, Monica Villalba de Alvarado paleontologoarekin batera.

Zein da Mendaroko lehoiaren aurkikuntzaren balioa?

Batetik, haitzuloetako lehoi baten ia hezurdura osoa topatu izana. Fosiltzea guztiz ezohikoa den prozedura bat da, eta lehoiak, harrapari handiak izanik, ekosistemaren elika-sarearen goiko aldean daude. Ondorioz, ale gutxi daude ekosistemetan. Beraz, halako aurkikuntzak egiteko aukerak murritzak dira. Izatekotan, 60-100 urtean behin gertatzen diren gauzak dira hauek. Horregatik, lehoien inguruan daukagun informazioa antzinako bisonteen eta oreinen inguruan daukagunarekin alderatuz, adibidez, oso da urria. Kontuan hartu behar dugu beste gauza bat: hezurdura zenbat eta osoago egon, informazioa lortzeko aukera orduan eta handiagoa da, eta bildutako datu metriko guztiek aukera emango dute Europako haitzuloetako lehoien erregistro fosilekin alderatzeko eta espezie horren hazkuntza-eredua hobeto ulertzeko. Oraingo honetan, aukera izan dugu hainbat hezurretan neurriak konparatzeko, eta, gainera, erradiokarbono bidezko datazio zehatza izanda, ikusi ahal izan da lehoi espezie hura txikituz joan zela denboran, harik eta Europan espeziea galdu zen arte –Eurasiako ekosistemetan bizi izan ziren ia milioi bat urtez, eta duela 14.000 eta 12.000 urte bitartean galdu ziren–. Ez da, beraz, hezurdura horrek ematen duen informazioa bakarrik; espezie osoaren eboluzioa ulertzeko izango da lagungarri aurkikuntza.

Beraz, animalia beraren hezur asko topatu izanak egiten du aparteko?

Bai. Mendarokoa aztarnategi paleontologikoa da, baina, izatez, lehoien aztarnak agertu izan dira aztarnategi arkeologikoetan ere. Topatu dira falange solteak, hortz-ale banaka batzuk, baina gutxitan hezurdura osoak. Soltean topatutako hezur horiek ere izan dezakete beren testuinguru kronologikoa, baina hemen hezur asko topatu dira, eskeleto oso baten %85 bat. Eta hori, paleontologian, eskeleto osoa topatzea beste da. Lucy, adibidez, osorik dagoela esaten da [1974ko azaroaren 24an Etiopian topatu zuten Australopithecus afarensis espezieko hominidoaren hezurdura], ornoen erdiak inguru falta zaizkion arren.

Iberiar penintsulan topatu direnekiko zer du horrek berezia?

Iberiar penintsulan topatu diren gehienak lehoi helduen eskeletoak dira, eta oraingoa, berriz, lehoi heldugabe batena da; itxura guztien arabera, 2-3 urte bitarteko ar batena. Letaginen zabaleratik ondorioztatu dugu arra zela, espezie horretan diformismo sexuala dagoelako, eta haren humero hezurra neurtuta jakin dugu 180 bat kilo zituela –500 kilo izatera iritsi zitezkeen Erdi Pleistozenoko aleak–. Zein adinekin hil zen, berriz, epifisien fusio mailatik kalkulatu da –Alvar Manjonen master amaierako ikerketa-lanaren eta abian duen tesiaren ikerketaren emaitzak dira–. Zer ikusi den? Hazi ahala fusionatzen diren hezur batzuk oraindik fusionatu gabe dauzkala. Hau da, hezur batzuk, adibidez falangeak eta metatartsoak, jada guztiz fusionatuta ditu, eta, aldiz, tibiaren gune proximala oraindik fusionatu gabe dauka. Zer duen bereizgarri? Iberiar penintsulan topatu den Panthera spelaea espezieko ale heldugabe baten eskeleto oso bakarra dela.

Espeziea bera txikitzen joan zela diozu. Zertan oinarritzen zarete?

Alvar Manjonek Europako ehun aztarnategi baino gehiagotan topatutako lehoien datuak alderatu ditu bere lanean. Ormolakoa ez da lehoi txikiena, baina bai Pleistozeno Ertaineko lehoiak baino nabarmen txikiagoa. Ez dakigu zergatik joan ziren txikitzen, akaso gizakiaren presioagatik edo beste lehoi batzuekin gurutzatu zirelako, eta ikertu egin nahi da hori. Balea urdinarekin ere gertatu da. Orain 100 urte, 33 metrokoak ere baziren, baina arrantzagatik-eta txikiagotzen joan ziren, azkarrago ugaldu ahal izateko. Eta hemen ikusten dena da gure espeziea, Homo sapiens-a, Europara sartzen hasi zenetik animalia batzuk galduz joan direla. Neandertalak izan ziren galtzen lehenengoak duela 40.000 urte. Gero, hienak, duela 30.000 urte inguru; leizeetako hartzak ondoren, duela 25.000 urte, eta galtzen azkenetakoak leizeetako lehoiak izan ziren, duela 14.000-12.000 urte. Prozesu haiek ez ziren bat-batean gertatu, eta klima aldaketak ere izan ziren denbora-tarte hartan; beraz, horri buruz hausnartzeko bidea ere ematen digu eskeleto honek. Horri guztiorri buruz ikertzea gure aurrean ispilu bat jartzea ere bada.

Eta haren ezaugarri antzekoak dituen besteren bat aurkitu al da hemen gertuan?

Bai, 1966an, Arrikrutzen (Oñati). Hura, baina, lehoi heldu baten eskeletoa zen –uste da gutxi gorabehera 1-1,2 metro garai zela eta 250 kiloko pisua zuela–. Beste eskeleto osorik ez da topatu Euskal Herrian; hezur banaka batzuk bai, ordea. Aurten aurkeztu dugu beste aurkikuntza bat, Urbasako Arrafela leizekoa (Nafarroa). Han ere Panthera spelaea espezieko lehoi baten fosilak aurkitu dira, baina hemen baino gutxiago. Ez da eskeletoaren %25era iristen han topatu dena, eta %25 topatzea izugarria da, e!

Europako zein leinu genetikorekin lotu daiteke Ormolako lehoia?

Ikerlerro hori zabalik daukagu. DNA analisietarako laginak hartu ditugu, Vienako Unibertsitateko talde batekin lankidetzan, eta ikusiko dugu zer datorren hortik. Permafrostean edo izoztutako lekuetan topatutako aztarnen informazioa daukagu orain arte, bereziki, eta, Europara etorrita, Alemaniakoa eta Europa ekialdekoa, baina Iberiar penintsulakoez gutxi dakigu. Badakigu espezie hartako lehoiak aspaldi banandu zirela Afrikako lehoiengandik, baina ez dakigu gero zer gurutzaketa gertatu diren, eta hori aztertu nahi da, besteak beste.

Kobazuloetan bizi al ziren lehoi haiek?

Haitzuloetako lehoiak esaten diegun arren, ez ziren leizeetan bizi, nahiz eta haien aztarna fosil gehienak ingurune karstikoetan topatu diren. Beste animalia hilen baten usainean, hiena talde batek eramanda edo hartzen baten kumeak ehizatzera sartu zitezkeen, adibidez, kobazulora, eta gero, han, galdu. Ormolako lehoiari ez dakigu zer gertatu zitzaion, baina, leizearen geometria ezagututa, hipotesi nagusia da erori egin zela, gaur egun estalita dagoen sarreraren batetik. Euskal Herrian Kuaternarioko fauna ornodunaren inguruan daukagun informazio gehiena kobazuloetatik atera dugu, baldintza egonkorrak daudelako haietan fosilen kontserbaziorako. Badauzkagu tranpa naturalak izan diren leizeak ere. Mutrikuko Kiputx IX, Goi Pleistozenoko aztarnategi paleontologikoa, adibidez. Arkeologikoki tranpa natural bat bezala funtzionatu izan zuen sei metro inguruko sakonerako leize bertikal hark, zeinean milaka animalia ustekabean erori baitziren azken glaziazioan –duela 24.000 eta 13.500 urte bitartean–. Ihes egin ezin zutenez, han bertan hiltzen ziren.

Ezer gehitu nahiko zenuke?

Espeleologoek egin duten lan ikaragarria goraipatu nahi nuke. Azpimarratuko nuke haiek egin duten esplorazio eredugarria eta izan duten eskuzabaltasuna. Aldundira, Aranzadira eta EHUra abisatu zuten, eta sarbidea erraztu ziguten, industu eta aurkikuntzaren garrantzia eta balio zientifikoa han bertan egiazta genezan. Halako aurkikuntza baten parte hartzea beti da handia paleontologo batentzat, baina espeleologo haien ondoan lan egitea ikaragarria izan da. Lan egiteko leku zail batean izan dugun lan-giro ederra azpimarratuko nuke, bai eta prozesu honetan jaso dugun material grafiko guztia ere. Politena hori da.