Azaroaren 29ko Espainiar Estatuko hauteskundeen testuinguruan egin du ekitaldia PP alderdiak Elgoibarren. Alderdiko prentsa arduradunak BARRENAri jakinarazi dionez, iragarri gabe egin dute, azaroaren 14an Hernanin izandako erasoaren ondoren, herriz-herri egitea aurreikusia zituzten ohiko mitinak bertan behera lagatzea erabaki baitzuten. Hernaniko gertakariaren ondoren, Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagia eta Espainiako presidentegaia Eibarren izan zen joan den asteko martitzenean, Echeverriari "babesa adierazteko".
Echeverria Gipuzkoako Alderdi Popularreko beste hainbat kiderekin batera aritu da Kalegoen plazan PPren aldeko mezua zabaltzen, besteak beste, Muriel Larrea, Gipuzkoako PPko presidentea, Mikel Lezama Gipuzkoako Batzar Nagusietako Alderdi Popularreko batzarkidea eta bozeramailea eta Vanesa Velez de Pablos, zinegotzia Donostiako Udalean.
Adierazpenik egin ez duten arren, herritarrei PPren aldeko inprimakiak banatzen aritu dira plazan ipini duten karparen inguruan. Ertzaintzaren bi furgoneta eta hamabost agente baino gehiago egon dira plazan, baina ez da istilurik izan.


