Enerpac-Larzepeko langileek mobilizazioak hasi dituzte Mallabiko lantegiaren itxieraren kontra

Ander Gomez

Datorren barikura arte luzatuko den greba hasi zuten atzo, eta gaur iluntzean 150 lagunetik gora elkarretaratu dira Ermuko Orbe Kardinala plazan. Argazkiak: Garazi Mendieta.

Mallabiko Larzep lantegia ixteko eta ekoizpena taldeko beste instalazio batzuetara eramateko asmoa du Enerpac-ek. Erabakiak 43 langileri eragingo lieke, baina 39 kaleratzeko espedientea aurkeztu du enpresak. Inguruko herrietako langileek osatzen dute plantilla: gehienak ermuarrak, eibartarrak eta elgoibartarrak dira, baina badira soraluzetarrak eta mutrikuarrak ere.

Enplegua erregulatzeko espedientea (EREa) bertan behera uzteko eskatu dute langileek, erosle posible bat bilatzeko eta lantegiaren jarduerari jarraipena emateko aukerak aztertu ahal izateko. Enpresaren ezezkoaren aurrean, grebari ekin zioten atzo, langileen %100eko jarraipenarekin.

Gaur, berriz, Ermura eraman dituzte aldarrikapenak, LABek deitutako elkarretaratzean. Enerpac-Larzep EZ ITXI, 39 familia kalean lelopean, 170 lagun batu dira lantegiaren jarraitutasuna eskatzeko protestara.

Mobilizazioek datozen egunetan jarraituko dute: greba egunak izango dituzte azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, 2an eta 4an. Azken egun horretan bukatuko da EREaren kontsulta-epea, eta lehen kaleratzeak gauzatu ahal izango ditu enpresak. Egoera aldatu ezean, mobilizazio gehiago egongo direla iragarri du LABek.