Zer da zuretzat musika?
Gaztetatik nago musikara lotua, eta oso une politak eman dizkit, baina lana eta konstantzia eskatzen du. Melodia batzuk zailak dira eta entsegu eta dedikazio handia eskatzen dute.
Akordeoia ala trikitia, zein musika-tresna nahiago?
Trikitia eramatea errazagoa da, kalejira bat egin dezakezu; eskusoinua eserita jo behar duzu, askoz gehiago pisatzen duelako. Trikia abiadura da, hatzak arin mugitu behar dituzu. Ondo pasatzeko daukat, nolabaiteko festa usaina du... Kalera ateratzen garenean, ezin dugunez partiturarik eraman, argazki bat ateratzen diot; jo baino lehen, begirada bat bota lehenengo sarrerei, eta, melodia dakidanez, aurrera! Egia esateko, bi instrumentuak gustatzen zaizkit, bakoitzaren esparruan eta bere errepertorioarekin.

Eva Zubizarreta, soinua jotzen. E.G.
Ostiraleko omenaldian zein emozio mugitu zitzaizun?
Negarra; pozak eta emozioak negarra ekarri zidan. Esker ona eta itzelezko ilusioa sentitu nuen: han zirenak, lankide eta ikasle ohiak, urruti egon eta bideo haiek bidali zizkidatenak… Horrek guztiorrek dakarrena: hainbeste jende antolatzea, entseguak nire ezkutuan egin beharra... Oso eskertuta nago. Egunak joan dira eta oraindik akordura etortzen zait zer esan zidaten, nortzuk etorri ziren...
Zer jaso duzu jendearengandik?
Harritu eta ilusionatu egin ninduen hainbeste jende etortzeak: lagunak, familia, ikaskide akordeonistak, ikasle ohiak... Duela 10 urtetik ikusi bako pertsonak ikusi nituen. Amaieran eszenatokira igo ziren, eta oso hunkigarria izan zen.
Alboka musika eskolaren sortzaileetako bat izan zinen...
Bai; Maria Elena Iturriagagoitiak, Silvia Izarrak eta hirurok sortu genuen. Nork bere etxean ematen zituen eskolak, eta elkartzea erabaki genuen. Polita izan zen. Gaur egun ere musika eskolara joaten naiz, eta hainbat festatan eta kalejiratan jotzen jarraitzen dut. Eta horretan segitzekotan naiz!

MAIALEN AGIRREGOMEZKORTA IKASLEA
"Hamar urte inguru eman nituen trikitixa ikasten, unibertsitateko ikasketak burutzeko Bilbora joan nintzen arte. Gure bizitzako etapa oso garrantzitsu baten parte izan da Eva, eta beti gogoratuko ditut momentu horiek kariño handiarekin. Evak, musikaz gain, norberarengan sinisten irakatsi zigun. Ahaleginduta hasieran zailak ziruditen gauzak lortzeko gai zarela ikustea, konpromisoa hartuz, egunero pixka bat eginez eta pazientzia eta konfiantza landuz, umiltasunez. Ez zait okurritzen ikaskuntza hoberik. Argi dago horrelako omenaldia merezi zuela. Espero dut berarentzat ere momentu polita izan izana. Badakit niretzat eta nire ondoan zeudenentzat horrela izan zela. Izugarrizko ilusioa egin zidan omenaldi horren parte izateak. Hunkigarria izan zen berriro elkartzea".

ANDERE ASTIGARRAGA LANKIDEA
“Duela 20 urte hasi nintzen Evarekin lanean Alboka Musika Eskolan. Urteak dira jubilatu zela, baina ezer aldatu izan ez balitz bezala da: trikitixa taldean jarraitu du kalejiretan laguntzen, oholtza gaineko ekitaldietan eta herriko ospakizun denetan: San Martin, Olentzero, Hartza Eguna, Santa Ageda, Ermuan Bagara, Korrika… Hamaika hitzordu eta hamaika momentu, eta bera beti hor, trikitixa eskuan eta laguntzeko prest. Horregatik, urte hauetan guztietan eman digun guztia eskertu eta bere lana aitortu nahi izan dugu. Ez dago nahikoa eskerrik egindako guztiagatik, baina behintzat omenaldi honekin esan nahi genion zenbat baloratzen dugun. Musika ekarri du gure bizitzetara, Ermua herrira eta berarekin bidea partekatu dugunon bihotzetara".