Lau txarteletik batek saria izango du Elgoibarko Izarraren tonbolan

Ainhoa Andonegi 2025eko abenduaren 22a

Iazko tonbolako irudia. BARRENA

Elgoibarko Izarrak tonbola jarriko du aurten ere abenduaren 24an, Kalegoen plazan. 

Elgoibarko eta Mendaroko elkarte, enpresa eta norbanakoek emandako opariekin osatu dute tonbola, eta guztira bi mila opari baino gehiago banatuko dituzte. Euro batean salduko dituzte txartelak, 11:00etatik aurrera, eta lautik batek saria izango du.

Telebistaren zozketa

Saritu gabeko txartelak ondo gordetzeko eskatu dute arduradunek; izan ere, saririk gabeko txartel horien artean telebista bat zozkatuko dute. Hala, saritu gabekoak gorde egin behar dira. Zenbatuta daude guztiak, eta 14:00etan egingo dute zozketa, Kalegoen plazan bertan. Zenbaki sarituaren jabeak momentuan agertu beharko du; hamar minutu izango ditu lehenengo sarituak oparia jasotzeko, eta ez bada agertzen, beste zenbaki bat aterako dute, irabazlea agertu arte.

Elgoibarko Izarrak eskerrak eman dizkie aurten ere elkarteari babesa eman dioten eragile guztiei, eta baita abenduaren 24an tonbolara joango direnei ere.

Gogoan izan, Olentzero eta Mari Domingi ere Elgoibarko Izarraren eskutik ailegatuko direla Elgoibarrena eguazten goizean. Taloak ere salduko dituzte Kalegoen plazan.