La Lezeko gazta, Txillarreko barazkiak eta Zabaloeneako frutak gailendu dira 2025eko Gabon Zahar Feria Eguneko lehiaketetan

Asier Orbea Ostolaza 2025eko abenduaren 27a

Hiru gaztagile zeuden hiruna garaipenekin Urteko Gazta Txapelduna aukeratzeko lehiaketan, eta La Lezekoen laugarren txapelarekin hautsi da berdinketa gaur, 2025eko ardi gazta onena aukeratzeko txapeldunen txapelketan.

Amaitzear den urtean ardi gazta txapelketaren bat irabazi duten gaztagilek -hamar guztira- aurkeztutako gaztak epaitu dituzte Gabon Zahar Azokaren barruan egin duten urteko ardi gaztarik onena aukeratzeko lehiaketan. Kalamua Elkarteak antolatzen duen lehiaketaren 17. aldia izan da gaurkoa eta Ilarduiako La Leze gaztandegiari eman diote lehen saria, txapelketa honetan lortzen duen laugarrena. Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregi gaztagile arabarrek aurrez ere hirutan eskuratu zuten txapela Gabon Zahar Ferian: 2013an, 2014an eta 2017an. La Lezeko gaztek Debako gazta txapelketa eta Ordiziako txapelketa prestigiotsua irabazi dituzte aurten, eta urte "ezin hobea" borobiltzeko Elgoibarren urteko gaztarik onenaren saria irabaztea "sekulakoa" dela esan dute saria jaso ostean, "apartekoa izan da urtea guretzat, bete-betea, ezin diogu ezer gehiagorik eskatu". Txapela eta garaikurrekin batera 1.500 euroko saria jaso dute La Lezeko ordezkariek. 

la Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategik eta Jose Mari Jauregik laugarrengoz irabazi dute urteko gazta onenaren saria Elgoibarren

Gazta lehiaketaren palmaresa

  • 2008 Remiro (Eulate, Nafarroa)
  • 2009 Remiro (Eulate, Nafarroa)
  • 2010 Aramburu Elkartea (Idiazabal, Gipuzkoa)
  • 2011 Mauxitxa (Elgoibar)
  • 2012 Remiro (Eulate, Nafarroa)
  • 2013 La Leze (Ilarduaia, Araba)
  • 2014 La Leze (Ilarduia, Araba)
  • 2015 Kortaria (Lekaoroz, Nafarroa)
  • 2016 Kortaria (Lekaroz, Nafarroa)
  • 2017 La Leze (Ilarduia, Araba)
  • 2018 Kortaria (Lekaroz, Nafarroa)
  • 2019 Kortaria (Lekaroz, Nafarroa)
  • 2020 - Ez zen jokatu, pandemiagatik-
  • 2021 Bengoetxea (Urdazubi-Urdax, Nafarroa)
  • 2022 Mausitxa (Elgoibar)
  • 2023 Eneko Goiburu (Segura, Gipuzkoa)
  • 2024 Kortaria (Lekaroz, Nafarroa)
  • 2025 La Leze (Ilarduia, Araba)

 

Txillareko barazkiak eta Zabaloeneako frutak, onenak

Barazki eta fruta postu onenak ere saritu dituzte, eta iazko irabazleen buruetara joan dira txapelak aurten ere. Barazkien lehen postua herrian geratu da, Txillarreri eman baitiote lehen saria (600 euro). Argiñe Rubiok jaso du saria eta baserritarrek egunero egiten duten lanari aitortza egin dio. "Egun berezia da gaurkoa, eta mimo handiz zaintzen eta prestatzen dugu guk ona ekartzen ditugun barazkiak, baina eguneroko lanak du benetako balioa, bai gurean eta baserrian dihardugun guztion artean", esan du. Ispasterreko Iparragirre baserriko Igor Leterentzat izan da bigarren saria (500 euro) eta Markina-Xemeingo Xemein-gain baserriko Alejandro Arrietaren postuari eman diote hirugarren saria (400 euro).
Fruta posturik onenaren saria Hernaniko Zabaloenea baserriko Maddi Iradik eskuratu du. 600 euroko saria jaso du. Urtza Sarrionandiak (Jauribarri Goikoa, Igorre) lortu du bigarren saria (500 euro) eta Jose Antonio Elosegik (Oñatibi Txiki, Gabiria) hirugarrengoa (400 euro).

Txillarre baserriko Argiñe Rubiok alabez lagunduta jaso du saria.

Fruta posturik onenaren saria Hernaniko Zabaloenea baserriko Maddi Iradik eskuratu du.

Saltoki Onena eta mendiak ondoen zaindu dituen baserria

Ispasterreko Igor Letek feriarako prestatu duen saltokiak jaso du Saltoki Onenaren Saria (600 euro). Benekotasuna eta Berrikuntza Saria, berriz, Iker Villasanak (Bortzatxus, Arrieta) eraman du. 600 euroko saria jaso du.
Azkenik, Elgoibarko mendiak ondoen zaindu dituen baserriaren saria Aiastiako Sagarraga baserriko Amaia Loiola Txurrukak jaso du. Sariaren 500 euroak jaso ostean, mendiak txukun mantentzeko kontzientzia aitarengandik jaso duela esan du Loiolak, eta oraindik ere haren aginduetara aritzen direla guztion onerako den zeregin horretan. 

Sagarragako Amaia Loiolak jaso du mendiak ondoen zaindu dituen baserriarentzako saria.

Antonio Elorzari omenaldia

Hainbat urtean gazta lehiaketan epaile lanetan aritu den Antonio Elorza sukaldari oñatiarra omendu dute pleno aretoan egin duten sari banaketa ekitaldian. Arantzazu auzoko Zelai Zabal jatetxeko ugazaba da Elorza, eta jatetxeak ateak itxi zituen domekan, 127 urtez zerbitzua ematen egon ostean. Epaile lanetatik ere erretiroa hartuko duela-eta, aitortza egin diote Kalamua elkarteak eta Elgoibarko Udalak. 

Antonio Elorzak Kalamua Elkarteko Xabier Loiolaren eskutik jaso du oroigarria. 

Sari banaketa, bideoan: