Mugertza kroseko junior kategoriako irabazleei Mamo Wolderen izena daraman garaikurra ematen dieten modu berean, -duela 22 urte hasi ziren- aurrerantzean 18 urtez azpiko kategoriako irabazleek ere jasoko dute sari berezi bat, Inazio Izagirre Etxaniz "Upai" garaikurra, hain justu ere. Joko Olinpiko batzuetan parte hartu zuen lehen euskal herritarra izan zen.
'Upai kanpeoia', Sallobentetik mundura
Espainiako delegazio batek Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen aurreneko aldia izan zen Anberesekoa, eta Upai izan zen Olinpiadetan lehiatu zen Espainiako aurreneko atleta, eta hortaz, Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen lehen euskal kirolaria izan zen. Pisu eta jabalina jaurtiketetan lehiatu zen garaiko elgoibartarrek "Upai kanpeoia" moduan ezagutzen zuten kirolari aparta. 1896ko irailaren 26an jaio zen Sallobente-Ermuaran auzoko Upai baserrian. Hamaika anai-arreba ziren eta indartsuak izateagatik ziren ezagunak inguruan. Herri kiroletan aritu zen Inazio, auzoko eta herriko jaietan indar erakustaldiak emanez. Prestakuntza berezirik ez bazuen ere, diskoa eta jabalina jaurtitzen ere hasi zen. Espainiako lehiaketetan parte hartzen zuenean aise irabazten zuela ohartu zen. Esan behar da atletismoa hastapenetan zela sasoi hartan, eta Espainiako Atletismo Federazioa ere 1920an sortu zutela. Urte hartako udaberrian egin zituzten Anbereseko Olinpiadetara joateko hauta-probak, Donostiako Atotxan, eta Upaik Espainiako marka ugari hautsi zituen haietan. Bere inguruan jaurtitzaile talde ederrak sortu ziren eta irakasle bezala ere aritu zen.
Espainiak 56 kirolari eraman zituen Anberesera, horietako hamalau atletismo probetan lehiatzeko; eta harrigarria badirudi ere, bi elgoibartar zeuden horien artean: Upai eta Mugertza. Delegazio osotik Upai izan zen lehiatzen aurrenekoa. Bere marken bueltan ibili zien Anberesen: xabalina proban 38,92 metroko jaurtiketa egin zuen eta pisuan 11,235 metroko jaurtiketa. Finlandiako jaurtitzaileak gailendu ziren, jaurtiketa-teknika aurreratuagoei esker. 60 metrotik gorako jaurtiketak egin zituzten xabalina jaurtitzaile finlandiarrek. Upai jokatzen zituen proba guztiak irabaztera ohituta zegoen hemen, eta Amberesera ere garaipenak lortzeko ilusiarekin joan zen, ez baitzuten beste herrialdetan egiten zutenaren berri handiegirik.
Anberesetik bueltan, 1930 ingururarte jarraitu zuen probetan parte hartzen. Upaik 11 alditan irabazi zuen Espainiako txapelketa jaurtiketa probetan: Pisuan (1920, 1921, 1923, 1925 eta 1926. urteetan); diskoan (1920, 1921, 1925 eta 1927) eta xabalinan (1920 eta 1921). Espainiako hiru errekor ere ezarri zituen pisu-jaurtiketan: (11,45 metro 1918an; 11,62 m eta 11,69 metro 1920an), eta beste hiru errekor ondu zituen xabalina-jaurtiketan (40,55 metroko marka 1920an; 42,40 m. eta 42,63 metro 1921ean).
Lehiatzeari laga ondoren herriko gazteak kirolean trebatzen jarraitu zuen. Sigman aritu zen lanean, erretiroa hartu arte. 1974an hil zen, 78 urterekin.
Upai ageri den argazki zaharrak eta haren iloba Jose Inazio Izagirrek aitonari buruz gogoan duena jaso zuten eitb.eus-en.
