Yavi eta Aregawi izango dira Mugertza kroseko izar nagusiak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 14a

Mugertza kroseko antolatzaileak eta babesleak aurkezpen ekitaldiaren ostean. Foto Runners.

Mugertza krosaren 82. ekitaldia jokatuko dute domekan, Mintxeta taldeak antolatuko duen 24.ena. Urtero moduan, mundu mailako atleta onenek, popularrek eta gaztetxoek bat egingo dute Mintxetako zirkuituan. 

Lau kontinente eta hamabi herrialdetako 900 bat atleta arituko dira lehian adin tarte desberdinetako hamabi lasterketetan, 09:30etik aurrera (senior emakumezkoen lasteketa 12:35ean hasiko da eta gizonezkoena 13:15ean). Parte hartzaileen artean izenik handienekoak aurkeztu dituzte antolatzaileek gaur, udaletxean egin duten prentsarako agerraldian. 

Berihu Aregawik irabazi ditu 2024ko eta 2025eko Mugertza krosak. BARRENA

Aregawi, hirugarren txapelaren bila

Berihu Aregawi (Etiopia, 2001) nabarmendu behar da lehiatuko diren korrikalari guztien gainetik. Etiopiarrak irabazi zituen Mugertza krosaren azken bi edizioak, 2024koa eta 2025koa, eta hirugarrenaren bila itzuliko da aurten. "Historia egin nahian dator, tripletearen bila", esan du probako zuzendari Zigor Diezek, gutxi baitira Mugertza krosa hiru bider jarraian irabazitakoak. Aregawi azken urteetako kros lasterkari onenetarikoa da, Jakob Kiplimo bakarrik du gainetik. Kroseko jaun eta jabe Kiplimo da, 2018ko Mugertza kros ahaztezinean txapeldunorde izan zen ugandarra. Joan den zapatuan Munduko Kros Txapelketa irabazi zuen Kiplimok Tallahasseen (Florida, AEB), jarraian irabazten duen hirugarren munduko txapelketa; aurretik John Ngugi, Paul Tergat eta Kenenisa Bekelek bakarrik lortu zuten balentria. Eta, munduko txapelketa horietan guztietan, Berehawi izan da txapeldunordea: Australian (2023), Serbian (2024) eta AEBean (2026) jokatu dituzten azken hiru mundialetan. 25 urteko etiopiarra Parisko Joko Olinpikoetan ere txapeldunorde geratu zen 10.000 metroko lasterketan, Joshua Cheptegei ugandarraren atzetik. Aregawik Thierry Ndikumwenayo espainiarra izango du aurkari nagusietakoa Elgoibarren. Europako Kros Txapelduna da eta 8. postuan sailkatu berri da Munduko txapelketan. Aregawiri gauzak zail jarriko dizkiola uste du Diezek, "hura baino azkarrago saltaka egiteko gai badela erakutsi baitzuen, iaz, Sevillan".

Gazteen arteko lehia ziurtatuta

Oraindik izenik ez baina elitera jauzi egiteko zorian dauden atletak bilatu eta Mugertza krosak eskaintzen duen erakusleihoan mundura ezagutzera ematea gustatzen zaie Mintxeta atletismo taldeko arduradunei. Aurtengoan Saymon Amanuel (Eritrea, 2007) eta Matthew Kipkoech Kiprupo (Kenya, 2005) izango dira etorkizun handiko gazte horiek. "Amanuelez erreferentzia oso onak jaso ditugu. Kipruto berriz lehen postuan dago Cross Country Tour Txapelketan, eta Amanuelekin lehia bizian dabil. Ia nor moldatzen den hobeto Mintxetako aldapetan", esan du Diezek gazteen arteko lehiaz.

Faboritoaren zama, Winfred Yavirentzat

Emakumezkoetan, Winfred Yavik (Bahrain 1999) kudeatu beharko du faboritoaren zama, berak baitu palmares loriatuena. Txapeldun olinpikoak bertatik bertara ikusteko aukera ematen du urtero Mugertza krosak, eta aurtengoa Yavi izango da. Jokatu diren Olinpiar Joko guztiak kontuan hartuz gero, 66 domina irabazi izan dituzte noizbait Lerungo edota Mintxetako ibilbideetan lehiatu diren antxitxikariek: urrezko 29 domina, zilarrezko 18 eta brontzezko 19 domina. Yavik Parisko jokoetan irabazi zuen urrezko domina, 3.000 metro oztopoetako lasterketan. Proba horretako Munduko Txapelduna izana ere bada, 2023an. Urte hartan hirugarren postuan sailkatu zen Elgoibarren. Aurten sasoian ailegatuko da, Italikako krosa irabazi berri baitu. Marwa Bouzayani (Tunisia, 1997) eta Sheila Jebet (Kenya, 2005) izango dira jarraitu beharreko beste bi atleta. Bouzayaniren atzetik denbora zeramatela aitortu du Diezek, nazioarteko lasterketetan aurpegia ematen duen atleta dela-eta. Jebetez, berriz, etorkizun handiko atleta dela azpimarratu du, eta gaztea izan arren txapeldunorde izan dela kros entzutetsuetan: Atapuerkan, Cardiffen eta Sorian. 

Atletak eta haurdunaldia

Irene Sanchez Escribano atleta espainiarra ere hizpide izan du Zigor Diezek. Hark asteon iragarri du Mugertza krosean lehiatzera etorriko dela, abuztuan ama izan ostean. "Arrazoi hori dela eta badakigu jendea adi-adi duela Sanchez Escribanok. Niri motibazioz gainezka datorrela esan dit. Ama izateko erabakia hartu behar izaten dute goi mailako atleta askok, zailtasun ugariri aurre eginez. Interesgarria iruditzen zait halakoak bistaratzea, eta merezi duten aitortza egitea ere gustatuko litzaidake. Horregatik, gustatuko litzaidake Mintxetako helmuga marra gurutzatzen duenean guztion aitortza eta txaloak jasoko balitu. Guztiak animatu nahi ditut txalotzera". Hain justu ere, Mugertza krosaren azken bi edizioak irabazi dituen antxitxikariak, atletismoan dagoen izarrik handienetarikoa den Beatrice Chebetek (Kenya, 2000), haurdun dagoelako egin dio uko Floridako Munduko Kros Txapelketan lehiatzeari. Chebeten argazkiarekin osatu dute krosa iragarzteko aurtengo kartela.

Krosa aurkezteko agerraldia udaletxeko pleno aretoan. Arg: Foto Runners.

Zailtasun handiagoak kontratazioetan

Antolatzaileek aitortu dutenez, ikuskizunerako osagaiak diren eliteko atletak bilatzeko zailtasun handiak eduki dituzte. "Zaletuak pozik egoteko moduko atleten zerrenda osatu dugu, hilabeteetan lana erruz eginda. Halere, lasterkari oso onak ekartzea lortu dugun arren, beste urte batzuetan baino nekezagoa izan da. Munduko txapelketa aurreko zapatuan jokatu izanak zaildu egin digu kontratazioak egiteko aukera, eta probaren data atzeratzearen arrazoia ere izan zen". Mugertza krosak World Athletics federakuntzak kros onenei ematen dien World Cross-Country Gold kategoria izango du aurten ere. Antolatzaileek 125.000 euroko aurrekontua osatu dute lanerako, eta hortik %70 inguru atletak kontratatzeko erabili dute. Aurten handitu egin dute senior mailako lasterketetan lehen euskaldunentzat banatzen dituzten sariak. "Ez zen asko ematen geniena, baina bikoiztu egin ditugu sariok", dio Diezek.

Egiteko modu berriak antolakuntzan

Zuzendaritza talde berria hasi zen lanean duela bi urte eta bakarrik aritu diren estreinakoa izan da aurten. Azaldu dutenez, antolatzeko modua findu dute eta egiteko modu berriak probatzen ari dira. "Lan batzuk banatu ditugu, hobeto kudeatzeko. Hainbat lan sistematizatzea eta inprobisaziora gutxiago jozea da gure nahia, gauzak errazago egin ahal izateko. Boluntarioen sarea izen eta abizenekin osatu dugu, eta 120 bat lagun dauzkagu zeregin askotarako: txofer lanetarako, sarrerak saltzeko, zirkuituaren montaketa lanetarako, aparkalekuen arduran daudenak...". Era berean, komunikazioan ere eman dituzte pauso berriak, bai barne komunikazioan eta baita kanpora begirakoan ere. Sare sozialak indartu dituzte, esaterako. Irudia ere berritu dute, zirkuituan dauden seinaleztapenek itxura berria estreinatuko dute. Bolondresen jantzietan ere igarriko da aldaketa, Toledoko Joma arropa markarekin lortu duten akordioari esker txamarra berriak estreinatu baitituzte boluntarioentzat. 

Antolatzaileek babesleen sarea handitzeko ahalegina egin dutela ere jakinarazi dute. "Ditugun babesleekin hartu-emanak estutzen saiatu gara, eta haiekin aurrez aurreko bilerak egiten saiatu gara, lantalde berriko kideak ezagutu ditzaten", azaldu du Diezek. Babesle berriak batu zaizkiela ere azpimarratu du, "hiruzpalau enpresa; eta lehenagotik laguntzen dieten askok egiten dituzten aportazioak handitu dituztela.  

Lachie Stewart gogoan izango dute

Mugertza krosaren izena nazioartean zabaltzen lagundu zuten atletetako bat izan zen Lachie Stewart eskoziarra. 81 urterekin zendu zen joan den urteko udan eta hori dela eta omenaldi txiki bat egingo diote Mugertza krosean. Minutu bateko isilunea egingo dute atleta eskoziarraren omonez senior gizonezkoen lasterketa hasi aurretik. Nazioarteko atletak 1963. urtean hasi ziren parte hartzen Mugertza krosean, eta izen handiek osatu dute harrezgero krosaren palmaresa. Nazioarteko lehen irabazle haien artean zegoen Stewart, Mammo Wolde, Kuha, Batty, Fowler, Mc.Leod, Lopes, Jones edo Ngugirekin batera. Eskoziarrak hiru alditan irabazi zuen Mugertza krosa: 1969an, 1970ean eta 1972an.