Hasteko, amaierara itzuliko gara. Zer sentitu zenuen urtarrilaren 31n, urte hasieran hasitako erronka gauzatu eta Karakatera 365. aldiz igo zinenean?
Batetik, lasaitu ederra hartu nuen erronka gauzatzeagatik; eta bestetik, harrotasun puntu bat, erronka konplexua baita, oso. Datuei erreparatu besterik ez dago: 4.062 kilometro Karakaten gora eta behera urtebetean; eta 258.412 metroko desnibel positibo metatua. Hain zuzen, Cadizeraino lau alditan joatea adina kilometro egin ditut; edo Everest 30 alditan igo eta jaistea adinako desnibel positiboa, itsas mailatik abiatuta. Hiruzpalau igoera egiten nituen larunbatero, eta pare bat joan-etorri igandeetan. Astean zehar bi edo hiru igoera egiten nituen, egunero 11 orduz egiten baitut lan. Horrela urtebetean, hutsik egin gabe. Nahiko alemana naiz izaeraz. Hiperaktiboa nintzela ere esan zidan batek oraintsu. Baliteke. Egunero esnatzen naiz 05:00etan, eta ez naiz gelditu ere egiten. Hori bai, goiz eta nekeak jota oheratzen naiz.
Erronka pertsonala izan arren, jendez inguratuta eman zenion amaiera?
Bai. Azken igoera zoramen hutsa izan zen horregatik. Urritik aurrera gutxitan egon nintzen bakarrik. Martitzenetan eta eguenetan taldean egiten genituen Karakaterako joan-etorriak, zazpi-zortzi lagun inguru beti, eguraldiagatik aitzakiarik jarri gabe. Gogoan dut kazkabarra bota zuen egun bat, urteko igoerarik gogoangarriena izan baitzen. Solasean igo ginen, giro atseginean. Inor ez zen ekaitzaz kexatu, eta ez zitzaion inori burutik pasa buelta ematea. Lagunez gainera, ezezagunak batu zaizkit talde igoera horietara; tartean, Legutiotik, Zumaiatik eta Azpeititik etorritakoak. Esaterako, ni ezagutzera etorri zen zumaiarrak, azkenerako, 82 bat igoera egin zituen nire alboan. Positibotasun handia ekarri zuten guztiek. Une batean neu nintzen barren erronka lortzeko aukera zalantzan ikusten zuen bakarra! Orkatila bihurritu eta gripeak astindu ostean, zenbakiak kontra nituen: azken hamar egunetan 22 igoera egin behar izan nituen. Igoeren egutegi-koadroa egin eta guztiei pasa nien. Ba, inork ez zuen zalantzan jarri lortuko ez nuenik!
Damutu zara erronka egiteaz, edo egitera zihoazela lau haizeetara zabaltzeaz, bederen?
Ez, sekula ere ez. Ez dut presiorik nabaritu egingo nuela esateagatik. Hori jokoaren parte da niretzat. Aurrez ere horrela egin izan dut: Karakatera bederatzi aldiz errenkadan igo eta jaisteko erronkarekin lehenik, eta Elgoibarko Mendi Itzulia lau alditan osatzeko erronkarekin gero. Lehena gauzatu egin nuen; bigarrena ez. Neuk dakit ondo ur handitan sartu zalea naizela, horixe baita behar dudan motibazioa. Gainera, nire erronkak aditzera emanda, badakit jendeak bat egingo duela nire proiektu edo zorakeria hauekin. Ezinbesteko pizgarria zait jendearen laguntza. Urtarrilaren 1ean inori ezer esan gabe erronka hasi izan banu, ez nukeen lortuko.
Zein izan dira une gogorrenak?
Erorikoak, mastinaren erasoa... egun txarrak eduki ditudan arren, gehiago izan du onetik txarretik baino: %90 onetik eta %10 txarretik. Mastinaren erasoak lur jota laga ninduen psikologikoki. Trauma eragin zidan eta asko kosta zitzaidan erasoaren leku beretik berriro igarotzea, bakarrik zein lagunekin joanda ere. Izaeraz oso baikorra naizen arren, orkatila bihurritu nuenean beltz ikusten nuen egoera, baina lortu nuen buelta ematea. Ehun Miliak proba ere giltzarria izan zen, ordura arte denak izan baitziren egun onak. Atzera begiratuta, akatsa izan zen Ehun Miliak Karakateko erronkaren urte berean egin nahi izatea. Biak egin nitzakeela uste arren, erratuta nengoen. Taldean lehiatu nintzen ultratrailean, aldakako min bategatik erretiratu nintzen arte, minak ez baitzidan aldapan gora joaten lagatzen. Txindokira igotzen ari nintzela, 40 kilometroren faltan, banekien amaitzea lortuz gero taldekako podiumera igotzeko aukerak genituela. Lorpen izugarria da hori, eta eskura genuen. Orduan, erabakia hartu behar nuen: aldaka behartu eta Ehun Miliak bukatu edo erretiratu. Baina, lehena aukeratzen banuen, akabo Karakate 365 alditan igotzeko asmoari. Erretiratzeko erabakia hartu, eta hurrengo egunean Karakatera igo nintzen. Ehun Milietako nire taldekideak haserretu egin ziren nire erabakiarekin, ilusioa baitzuten podiumera igotzeko.
Irakaspenik eman dizu erronkak?
Bizitza, azkenean, borrokatzea da. Eta mendirako ere balio du gaitasun horrek. Karakate garaitu dut urtebeteko borrokaren ostean. 50 urte betetzera noa laster, eta uste dut indar fisikoa, mentala eta emozionala uztartzen dituen izaera garatu dudala. Gorabehera eta zailtasun guztiak gainditzea pozgarria izan da, halakoxeek ematen didate bizipoza. Dudan adinean sasoi betean egon naitekeela ere erakutsi dit. Azterketa medikoa egitean minutuko 40 pultsazio eman zizkidan. Baditut bestelako ajeak, baina ez nago kexatzeko. Hausnarketa egin ostean, honako ondorio honetara ere ailegatu naiz: duela hamabost urte saiatu izan banintz, ez nukeen lortuko. Gazteagoa nintzenean hamar minutu jaitsiko nukeen batezbestekoa, baina erritmo biziago hori kalterako izango zatekeen luzera begira, eta uztailean erretiratu beharrean egongo nintzen, agian.
Erritmoarekin asmatu duzula, alegia.
Erritmoan zegoen arrakastarako gakoa, zalantzarik gabe. Hala uste nuen erronka burutazio soila zenean, orain bi urte, eta halaxe dela egiaztatu dut. Eskarmentuak erakutsi zidan zein zen niretzako erritmo erosoena, urte osorako balioko zidana: joan-etorri bakoitza ordubete eta 40 minutuan egitea. Eroso igo eta jaisten nintzen denbora horretan, erronka honetan bi zatiek baitute garrantzi bera, igotzeak beste jaisteak. Jaitsierak korrika txikian egiten nituen, oinez jaitsiz gero biharamunean minberatuago izaten nituelako zangoak. Jeitsieretako erraztasuna eduki izan dut beti, ez zaizkit hankak kargatzen. Igoera ia gehienak biderik luzeenetik egin nituen. Zangoak gutxiago behartzeko, nahiago nuen joan-etorri bakoitzean lau kilometro gehiago egin, eta ordu-erdi gehiago erabili. Txarridunako biribilgunetik edo Kalegoen plazatik abiatzen nintzen, eta 11 kilometroko joan-etorriak osatu.
Eguraldiak zer eragin eduki du? baldintzatu al du zure erronka?
Erronka hau egiteko inoizko urterik onena aukeratu dudala uste dut. Karakaten gora eta behera ibiltzeko eguraldi ezin egokiagoa egin zuen 2025ean. Beldurra nion azarotik aurrera egingo zidan eguraldiari, baina beldur hutsean geratu zen. Abuztua izan zen hilabeterik okerrena, beroa gaizki eramaten dudalako, asko izerdiarazten didalako eta ondo lo egitea galarazten didalako.
Erronka kontrolatua eta egiaztatua izan da, ezta?
Bai. EMFko epailea da Denis Saiz, eta Karakatera igotzen nintzen bakoitzean tontorrean ateratako argazkia bidaltzen nion, ur marka eta guzti. Eguna eta ordua ageri dira argazkiaren ur markan. Gero Denisek Strava aplikazioan egiaztatzen zuen nik eginiko ibilbidea. Hor dauka artxiboa nik bidalitako argazki guztiekin. Batek behin aurpegiratu zidan erlojua norbaiti ematea neukala ere... Nik honekin ez dut ezer irabazten-eta, eta halako zerbait egitekotan ere nire erlojuarekin Karakatera igotzeko prest dagoen inozoren bat bilatu beharko nuke, gero nik argazkia Karakaten ateratzeko. Mesedez!
Ze ohitura dituzu Karakatera egiten dituzun joan-etorrietarako?
Metodiko samarra naiz. Motxila txiki batean mugikorra, giltzak eta ura eramaten ditut. Janaririk ez dut eramaten, ezta hiru joan-etorri jarraian -bost bat ordu mendian- egiten ditudanetan ere. Erreserbak dauzkat, 90 kilo pisatzen ditut-eta. Nire gorpuzkera ere lagungarria izan da lesiorik ez izateko. Nire fisioterapeuta ere harrituta daukat. Hamabost kilo gutxiago banitu, giharretako arazo gehiago izango nituela uste dut. Bikiak, abduktoreak, iskitibialak... ziur zerbaitek huts egingo lidakeela. Erronkan hasi nintzenean baino lau kilo gehiagorekin bukatu nuen. Ikustekoa da zangoak nola indartu zaizkidan.
Noiztik duzu Karakate mendiarekiko miresmen hau?
Futbolean jokatzeari laga nionean palan hasi nintzen, eta urte mordoa egin nituen palan jokatzen, sorbaldako arazo batzuegatik pilotalekuak laga beharra eduki nuen arte. Zer kirol egin ez nekiela, Karakatera igotzera animatiu ninduen Imanol Carcedo lagunak. Sekula igo gabea nintzen ordura arte. 2013. urtea zen. Handik bizpahiru egunetara bakarrik igo nintzen berriro eta 70 urtetik gorako elgoibartar batekin topo egin nuen goian. Hirugarren igoera zuela esan zidan, eta zer pentsatua eman zidan. Halaxe hasi nintzen neu ere. Bat-bateko maitasuna izan zen, kirola eta natura uztartzen dituen afizioa baita. Zerbait falta zitzaion ordea, nire lehiarako grina asetzeko pizgarriren bat. Berehala hasi nintzen mendi martxetan eta lasterketetan parte hartzen. G2a lehenik, Ehun Milak gero...
Karakate, baina, beti egon da hor. Autorik hartu gabe mendira joateko aukera eskaintzen digu elgoibartarroi. Sekulakoa da hori. Gainera, duzun onena eskatzen duen igoera dauka, eta horixe behar dut nik. Eta ahaztu gabe, Karakate eta Irukurutzeka artean dagoen ikusmira Donostian balego, autoa hartu eta beti han geundekela. Irukurutzetara joan-etorria 20 kilometroko ibilaldi perfektua da nire ustetan. Bi ordu eta erdian egiteko modukoa, 900 metroko desnibel positiboarekin.
-Zeuk dakizu hobekien nor ibiltzen den Karakaten...
Bai horixe. Azken urteetan konturatu naiz elgoibartar ugari direla Karakatez maitemindutakoak. Zabala da karakatezaleon komunitatea. Eta, asko dira sarri-sarri igoten direnak, orain fama nik eramanagatik. Elkar ikusten dugulako da hori. Bakoitzak bere ordutegiak ditu eta gai nahiz esateko egunaren eta orduaren arabera zeinekin topo egin daitekeen mendian. Hirutik bi asmatuko nituzte. Batzuei bakarrik ibiltzea gustatzen zaie, eta lagunekin besteei. Hasieran bakartiagoa nintzen nerorri, orain jendearen laguntza eskertzen badut ere.
Erronka zenbakietan:
-365 igoera Karakatera 2025 urtean.
- 238 eguneko jarduera.
- 4.062 kilometro ofizialak
- 258.412 metroko desnibel metatua.
2025ean Jose Luis Diez Txeluk ere egin zuen erronka Karakaten, 101 alditan igo zen jarraian urtarrilaren 1etik apirilaren 11ra bitartean.

