Aurrelari elgoibartarrak Aratz Ormaetxea bergararrarekin osatu zuen bikotea finalaurrekoan, eta 22-17 irabazi zuten partida Nazabalen eta Artetxeren kontra. Finalean Nazabal eta Okiñena izango dituzte aurkari. 19:00etan izango da norgehiagoka, Ikastolako frontoian.(Jokatuko dituzten hiru finalei buruzko informazioa HEMEN)
Iaz egin behar zenuen debuta San Anton txapelketan, baina eskuetako arazo batek galarazi egin zizun.
Iazko denboraldian, Gipuzkoako txapelketako buruz buruko finalaurrekoan atzapar bat apurtu nuen, eta finala ezin izango nuela jokatu pentsatu nuen. Hala ere, saiatu egin nintzen, eta finala irabazi nuen. Handik gutxira iritsi zen San Anton txapelketa, eta ezin izan nuen jokatu. Eskua oso gaizki neukan, eta, azkenean, ebakuntza egin behar izan zidaten. Pilotaria guztiz ondo oso gutxitan egoten da, eta minez jokatzen ere ikasi egiten da, baina batzuetan ezin da. Ia bi hilabetez egon nintzen jokatzen atzaparra apurtuta, eta asko sufritu nuen. Beldurrez jotzen nion pilotari, eta pilotan, zuk ematen ez badiozu pilotari, berak ematen dizu, eta horrek min egiten du.
Aurten bai. Debutatu eta finalera iritsi zara. Nola aurreikusten duzu gaurko partida?
Herrian jokatzea beti da berezia, eta ilusio handia egiten dit. Joan den astean ere lagun pila bat joan ziren animatzera, eta horrek asko lagundu zidan. Partida gogorra izan zen hura, eta gaurkoa ere halakoxea aurreikusten dut. Gogor lehiatu beharko dugu txapela irabazteko.
Zein dira zure indarguneak?
Aurrelaria naiz, eta aurreko koadroetan moldatzen naiz ondoen. Tantoak amaitzea gustatzen zait. Ezkerrarekin hobeto moldatzen naiz, baina eskumarekin ere hasi naiz hobetzen.
Elgoibarren garai batean egon zen frontoi berria egitearen aldeko mugimendua, baina, gaur-gaurkoz, ikastolako frontoia bakarrik daukagu.
Zer moduzkoa iruditzen zaizu?
Frontoi hotza da, eta gainerakoak baino motzagoa. Hori dela eta, pilota motelagoak erabiltzen dira hemen, eta joko gehiena aurreko koadroetan egoten da. Horrek ikusgarritasuna handitzen du eta partida politak ikusten dira.
Egin dezagun atzera: nola hasi zinen pilotan?
Umetatik gustatu izan zait niri pilota. Gure familian betidanik ikusi izan dut pilotarako zaletasuna, eta aitonarekin joaten nintzen pilotan jokatzera. Batzuetan, garajean jokatzen genuen; edozein lekutan: etxeko hormetan, kaleko edozein txokotan... Pilotan jokatzeko ez da ezinbestean frontoia behar, edozein hormak balio du, eta leku txikietan, gainera, asko
ikasten da. Horrela hasi nintzen, eta horrela jarraitzen dut. Nire lagunak futbolean hasi ziren, baina nik argi neukan pilotan jokatu nahi nuela, eta ahal dudan bitartean segitzeko asmoa
daukat. Profesionaletara iristea gero eta zailagoa da, baina ilusio hori daukagu denok. Nik izugarri gozatzen dut pilotarekin, bai jokatzen eta baita ikusten ere, eta gaur egun pilotaririk onena Altuna dela iruditzen zait.
Nola dago pilota Elgoibarren?
Lagunak Pilota Eskolan hasi nintzen, eta garai hartan pilotari pila bat geunden klubean. Adin askotariko umeak elkarrekin aritzen ginen pilotan, eta asko ikasi nuen besteengandik.
Gaur egun ez dakit zenbat ume dabiltzan klubean, baina ni hasi nintzenean gehiago ginela esango nuke. Kadete mailarako saltoa ematerakoan, jende askok lagatzen du pilota. Kirol polita da, baina norbanakoa, eta, normalean, jendeak nahiago du talde-kirolen batean jardun. Min hartzen baduzu, pilotan bakarrik zaude, eta futbolean, esaterako, eskatu daiteke aldaketa. Nik uste dut errazagoa dela taldeko kirolen bat praktikatzea. Jarraitzea erabaki nuen, eta pozik nago hartutako erabakiarekin.
Lazkaoko pilota taldean diharduzu gaur egun. Zer aurkitu duzu han?
Ingurune hartan pilotak garrantzi handia dauka, eta beste modu batean bizi dute. Herri gehienetan futbola da kirol garrantzitsuena, baina Lazkaon ume askok aukeratzen dute pilota, eta oso ohikoa da jendea pilotan jokatzen ikustea. Entrenatzeko jarraikortasuna aurkitu dut han. Asten bi aldiz joaten naiz, normalean: Gasteizen nabil ikasten, eta handik joaten naiz beste lagun batekin. Eskertuko nuke Elgoibarren entrenatu ahal izatea, baina ez didate erraztasun askorik ematen Lagunak taldekoek. Ikastolako frontoia itxita egoten da, eta askotan libre egoten den arren, beste edozein herritarren moduan frontoi bila ibili behar izaten dut, entrenatu ahal izateko. Klubekoak baldin badaude ulertzen dut haiek lehentasuna izatea, baina libre dagoenean frontoia erabiltzeko aukera ematea eskertuko nuke.

