San Anton jaiak, irudietan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 20a

Goizetik gauera egun euritsua izan zen San Anton Eguna, baina egitarauko ekitaldi guztiak egin ahal izan zituzten, erraldoi eta buruhandien kalejira izan ezik.

Aterpeko ekitaldi guztiak arazorik gabe egin ahal izan zituzten. Haur parkea adibidez, Sigmako aparkalekuan egin zuten. Bost Brass metal taldearen emanaldia ere ez zegoen eguraldiaren menpe, Herriko Antzokian eman baitzuten Emudafek antolatutako kontzertua. Donostiako kontserbatorioko bost instrumentu irakaslek osatzen dute taldea, eta metalezko instrumentuekin euskal kantutegiko eta nazioarteko pieza ezagunak jo zituzten. 

Zigilu erakusketa, urtarrilaren 25era arte 

Altzolatarren Dorretxea Filatelia Elkartekoek zapatuan zabaldu zuten zigilu erakusketa eta Euskal Herriko Filatelia elkarteak urteko batzarra ere egin zuen Kultur Etxean. Aurtengo erakusketa Altzolako uren 250. urteurrenari eskainita dago. Urtarrilaren 25era arte egongo da erakusketa bisitatzeko aukera, astegunetan 18:30etik 20:30era eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.

Bildumagileak saritu zituzten San Anton Egunean. Arg: Mikel Askasibar.

Balorazio positiboa

Elgoibarko Udalak balorazio "oso positiboa" egin du San Anton jaien harira asteburuan herrian antolatu diren ekitaldien inguruan. "Egun hauetan zehar, herritar ugari bildu dira antolatutako jarduera ezberdinetan, Elgoibarrek duen dinamismoa eta herriaren inplikazioa agerian utziz", adierazi dute. Gozen ikuskizunak haur eta nerabez bete zuela Herriko Antzokia nabarmendu dute eta San Anton Pilota txapelketako finalak ikustera ere jende ugari gerturatu zela, "azken
urteetako jendetsuena, adin tarte zabalarekin".
Kirolak izan du lekua sanantonetan, pilotaz gainera eskalada topaketa eta igeriketa txapelketa egin baitzituzten zapatuan Olaizaga kiroldegian. 
Udalak eskerrak eman dizkie ekitaldiak aurrera eramatea posible egin duten elkarteei, antolatzaileei, kirol klubeei eta laguntzaileei, baita boluntario lanetan aritu diren guztiei ere.

San Anton Igeriketa txapelketako sari banaketa. M. Askasibar.

*Argazkiak: Mikel Askasibar / Elgoibarko Udala.