Errezabal egoitzako obrek Urazandin sorturiko arrakalek kezka eragin dute auzoan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 29a

Errezabal egoitza eraikitzeko lanen inguruko azalpenak emateko bilera. BARRENA

Abendu hasieran arrakalak agertu ziren Errezabal egoitza eraikitzeko obren gaineko errepide zatian, bai eta etxebizitzetan ere. Gertakariok kezka hedatu dute Urazandi auzoan, eta bizilagunen ezinegona agerian geratu zen atzo egin zuten batzarrean. Jakin-minez azaldu ziren gehienak, eta haserre eta mesfidantza puntu batekin ere bai batzuk.

Errezabal egoitza publikoa eraikitzeko lanen inguruko azalpenak emateko bilera deitu zuen Elgoibarko Udalak asteazkenerako. Urazandiko bizilagunak gonbidatu zituzten bilerara, obrengandik gertuen dauden hamar atarietakoak, eta txiki geratu zen batzarra egiteko erabili zuten Jubilatuen Biltokiko aretoa, ia ehun auzotar batu baitziren. 

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak eta Hirigintza zinegotzi Ion Zubiaurrek eman zituzten azalpenak, eta Aldundiko eta obra egiten ari diren enpresetako ordezkariak ere saiatu ziren lanen nondik-norakoak azaltzen. Iazko ekainean hasi zituzten eraikuntza lanak eta hasi aurretik ere egin zuten era honetako batzar informatibo bat. Gero, obrak hasi ostean egin zuten bigarrena, eraikuntza lanek sortutako hautsei buruz hitz egiteko. Uda aurretik ere egin nahi dute beste batzar bat, herritar guztiei zuzendua, "21 milioi euroko kostua duen azpiegiturari buruzko informazioa herritar guztiei zor diegulako, eta Elgoibarrerako eta Debabarrena eskualde osorako proiektu estrategikoa delako", alkatearen berbetan.

Pitzadurak, kezka iturri

Aste honetako topaketan, baina, pitzadurak izan ziren gai eta kezka iturri nagusia. Arduradunek lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuten, arrakalak atzeman zituzten unetik segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituztela adierazita. 
Lehen hilabeteetan lursaila prestatzeko eta finkatzeko lanetan aritu dira, eraikitzen hasi aurretik lurrak mugitzeko eta lursailari eusteko jardueren bidez. Lanok hastean, baina, eremuaren goiko aldean dagoen auzoko errepideko pitzadura  "handitu" egin dela onartu du obra-zuzendaritzak. Beherago egiten diharduten lanen ondorioz izan dela azaldu dute. Hori dela eta, erabaki dute obraren plangintza berrantolatzea, eta lursaileko beste zona batean ari dira oran lanean, egoera zehatzago aztertzeko eta baldintza tekniko egokienak zein diren baloratzeko. Egin dituzten analisietatik abiatuta, talde teknikoek zehaztu dute beharrezkoa dela eremu jakin horretan eusteko eta ainguratzeko jarduketa gehigarriak egitea, multzoaren egonkortasuna indartzeko. Alegia, eraikin berria eta auzoaren arteko euste-horma aurreikusitakoa baino sendoagoa izango da. 

Azterketa geodesikoan atzeman gabeko elementuak

Lanak hasi zituztenean topatu zituzten errekastoek eta uste zutena baino kalitate txarragoko lurzoruak lanak zaildu dizkiela jakinarazi dute obrako arduradunek. Obrak hasi aurretik egiten den azterketa geodesikoan atzeman ez zituzten elementuok izan daitezke arrakalen eta pitzaduren erantzuleak. Hala den egiaztatzeko, arazoaren muina identifikatzeko eta konponbideak planteatzeko azterketa sakon bat egitea eskatuko dio Udalak aditu talde bati. "Azterketa-lan gehiago egin behar dira, konponbide espezifikoak idatzi behar dira eta finkatze-jarduera berriak landu egin behar dira", adierazi zuten. 
Doikuntza horiek eragina edukiko dute lanak amaitzeko aurreikusita zituzten epeetan. "Amaiera-egutegiak hiru eta lau hilabete arteko atzerapena izan dezakeela uste dugu".  

Segurtasuna bermatzeko neurriak

Bien bitartean, segurtasuna bermatzea da obra honen sustatzaileen lehentasuna. Horretarako, lanak eta haien ondorio diren arrakalak monitorizatzeko sistema bat ezarri zuten, obrak egiten ari diren lursaila nahiz aldameneko etxebizitza-blokeak eguneko 24 orduz zaintzapean edukitzeko. "Mugimendurik txikienak hautematen ditu sistemak, eta zerbait balego, alarmak joko luke, obra geldiarazi eta beharrezko neurriak hartzeko. Benetako arriskurik balego, erabakiak hartzeko gaitasuna duten arkitekto eta teknikariak ari dira lanean. Konfiantza eduki behar dugu haiengan", azaldu zuen Gurrutxagak. Abenduaren 1ean jarri zuten martxan monitorizazioa, eta geroztik ez dute "neurriz kanpoko mugimendurik" atzeman, obrako arduradunen arabera. Hala ere, bizilagun batzuk ez daude ados adierazpen horiekin, eta euren etxeetan agertu zaizkien pitzaduren berri eman zuten batzarrean. Neurgailuak berandu jarri dizkietelako kexu agertu zen beste bat. "Beldurtuta gaude", adierazi zuen bizilagun batek. "50 urtean ez dugu inolako arazorik eduki, eta orain, 10 milimetro mugitu zait etxea", zihoen. Beste bizilagun batek esan zuen altzairuzko mikropiloteak sartzen ari zirela agertu zirela errepideko arrakalak, baina hori gertatu zenean han egiten ari ziren lanak laga eta beste gune batean hasi zirela lanean. "Horren ostean jarri zuten monitorizazio sistema. Hortaz, ikusteko dago zer gertatuko den lehengo gunera lanera itzultzen direnean", adierazi zuen. Bizilagun batek auzoaren azterketa sakonagoa egin ez izana txarretsi zien arduradunei. "Arbela eta ura, horixe da Urazandi. Lanak gaizki hasi dituzuela uste dut, azterketa sakonagoa egin behar zen lanak hasi aurretik, jarraipen zehatza egin obrek irauten duten bitartean, eta baita amaieran ere". 

Etxebizitzen azterketa teknikoa

Pitzaduren berri nola eman behar duten izan zen auzokide ugarik partekatu zuten zalantza. Udal ordezkariek protokoloa finduko dutela agindu zieten, eta atea zabalik laga zuten etxez etxe bakoitzaren egoera ikuskatzeko eta aztertzeko bigarren erronda bat egiteko, abuztuan egin zutenean ez baitziren guztiengana iritsi. Atzoko bileran bizilagunek egindako ekarpenak jaso ostean, honen inguruko erabaki bat hartu duela jakinarazi du gaur Udalak. Astelenetik aurrera informazio-bando bat jarriko dute etxebizitza guztietan. Bando horretan, beren etxebizitzaren egoera aztertzeko interesa duten bizilagunei eskatuko zaie datuak eman ditzatela eta izena eman dezatela azterketa tekniko bat berriro egiteko. Interesatuek astebeteko epea izango dute izena emateko. Ondoren, zuzenean emango zaie herritarrei prozesuaren antolaketaren, ordutegien eta bisiten plangintzaren berri, eta jakinaraziko zaie teknikariak noiz joko duen etxebizitza bakoitzera pitzaduren egoerari buruzko azterketa egitera.

Maialen Gurrutxagak auzotarrekin duten komunikazio kanala hobetzea aztertzen ari direla ere aipatu zuen, auzotarrekin duten hartu-emana "ahalik eta eraginkorrena izan dadin”.