Ohikoa baino handiagoa izan da eguenetako azoka

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 29a

Lehenago egiten zuten azokaren itxura eduki du gaur Elgoibarren egin duten eguenetako azokak, eguenetan merkatu plazara joaten ziren merkatariek kokaleku berriak estreinatu baitituzte.

Urtarrilaren 16an itxi zuten merkatu plaza, anbulatorio berria egiteko obrak hasi ahal izateko. Eguenetan hara joaten ziren saltzaileek kokaleku berria izango dute hemendik aurrera, eta gaur estreinatu dute, Aita Agirre plazaren inguruan. Garai batean elkarrekin egoten ziren arropa saltzaile ibiltariak eta jakiak saltzen dituztenak. Adin batetik aurrera duten hainbat elgoibartarrek gogoan du oraindik azokan koloretako txitak eta bestelako animaliak saltzen zituen postua. Arrazoi sanitarioengatik merkatu plazara lekualdatu zituzten janaria saltzen zuten merkatari ibiltariak eta baserrietako ekoizleak, eta han egon dira hainbat urtean. Orain berriro elkartu dira. 

Saltzaileak pozik salmentekin

Maialen Gurrutxaga alkateak esan duenez, saltzaileekin eurekin adostu dute salmentarako kokapen berria: "Hainbat aukera aztertu genituen, eta haiek aukeratu dute gune berria, ostegunetako azoka txikiaren bueltan. Uste dute modu horretan azoka batek besteari lagunduko diola bezeroak erakartzen". Saltzaileok pozik zeuden gaur egin dituzten salmentekin, eta merkatu plazan baino lagun gehiago gerturatu zaizkiela esan dute. "Lehendik zeuden merkatariak eta etorri garenok elkar osatzen garela uste dut, eta gure bezeroentzako ere eskurago dago dena orain", azaldu du Basartesoroetako (Basueta) ekoizleak. 

Bederatzi postu

Bederatzi saltzailek jarriko dute postua eguenetan Aita Agirren. Batzuk astero egongo dira, beste batzuk hamabostean behin eta besteren bat tarteka. Barazki eta fruta postuak, bakailaoarena eta pasta saltzailea Aita Agirreko arkupeetan egongo dira eta lore saltzailea, aldiz, musika eskolako pergolan. Hesteki saltzaileak, bestalde, bere furgonetatik salduko ditu produktuak. Parrokiako Misio Taldekoek jartzen duten bidezko merkataritzako postua musika eskolako arkupeetan egongo da. 
Udalak jakinarazi duenez, merkatariek aukera izango dute hala nahi dutenean Aita Agirre Kulturguneko eraikin barruko balio askotariko gela erabiltzeko ere, astebete aurretik jakinarazita.