Ane Agirregomezkortak zilarrezko domina bat eskuratuta du pista estaliko denboraldian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 5a

Ane Agirregomezkorta belozista elgoibartarra 60 metroko distantzian lehiatu da pista estaliko denboraldian, eta onenen artean egon da Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan.

Urtarrilaren 17an Donostian jokatu zuten Gipuzkoako Indoor Txapelketan txapeldunorde izan zen Agirregomezkorta 60 metroko lasterketan. Finalaurreko kanporaketan bigarren postuan sailkatuta lortu zuen finalerako sailkatzea, 7.75 segundoko denborarekin. Serie horretan Maialen Garayartabe izan zen azkarrena, 7.75. Finalean ere Garayartabe eta Agirregomezkorta izan ziren azkarrenak. Lehenak, Garayatarbek, bere marka pertsonala ondu zuen 7.69 segundoko denborarekin. Real Sociedad taldeko belozista egungo Espainiako txapelduna da 60 metro hesietan, 18 urtez azpikoetan. Agirregomezkortak 7.78 segundoko denborarekin eskuratu zuen zilarra. Aurreko urtean urrea irabazi zuen 20 urtez azpikoen kategorian. Kategoria horretan jarraitzen duen arren, nagusiekin lehiatu da aurten. Taldez ere aldatu du, Mintxetatik Gasteizko Barrutia atletismo taldera.

Bosgarren postua Euskadiko txapelketan

Pista estaliko Euskadiko txapelketa ere Donostian jokatu zuten, urtarrilaren 24an eta 25ean. 60 metroko proban Elene Arrazola eibartarra izan zen azkarrena. C.D. Eibar taldeko saltakariak 7 segundo eta 67 ehuneko denborarekin irabazi zuen finala. Ane Agirregomezkorta bosgarren postuan sailkatu zen (7.78). Iaz bera izan zen Euskadiko txapelduna gazte mailako Euskadiko atletismo txapelketan, 7.79ko marka eginda finalean.
Pista denboraldia ez da oraindik amaitu, baina. 20 urtez azpikoen Espainiako Txapelketarako gutxieneko marka (7.85) lortua dauka Agirregomezkortak. Sabadellen jokatuko dute txapelketa hori, martxoaren 21ean eta 22an. Senior kategoriako Espainiako txapelketa, berriz, Valentzian jokatzekoak dira, otsailaren 27tik martxoaren 1era bitartean. Han, 60 metroko lasterketan lehiatu ahal izateko, 7.55 segundo edo gutxiagoko marka egin behar da, otsailaren 15a baino lehenago. 

Agirregomezkorta gazte mailako pista estaliko Espainiako Atletismo Txapelketan lehiatu zen iaz, eta zazpigarren postuan sailkatu zen, bere marka pertsonala onduta (7.66).

Ane Agirregomezkorta, ezkerretik hirugarrena 60 metroetako proban. Utzitakoa.