Urazandiko pitzadurei buruzko informazioa eskatu dio Elgoibarko EH Bilduk Udal Gobernuari

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko otsailaren 5a

Auzotarren kezkak kontuan hartuta, Errezabal egoitzaren obren ondorioz Urazandin agertu diren pitzadurei buruzko azalpenak eskatu ditu EH Bilduk.  

Errezabal egoitzaren obrak Urazandi auzoan sortu dituen pitzaduren berri emateko bilera egin zuen joan den astean Udal Gobernuak auzotarrekin, eta auzotar asko bildu ziren Jubilatuen Biltokian. Bilera hartan agerian geratu zen auzotarren kezka; izan ere, errepidean sortu diren arrakalez gain, obratik gertuen dauden etxebizitza askotan ere agertu dira pitzadurak. EH Bilduren ustez, herritarren kezka horiek guztiak kontuan hartu eta erantzun egin behar dira. Egoera horrek adi egotea eskatzen duela gaineratu du. 

Hiru eskaera

Elgoibarko EH Bilduk informazio-eskaera bat erregistratu du Udalean, eta hiru eskaera egin dizkio Udal Gobernuari: lehenik eta behin, Errezabal egoitza izango denaren obrarekin lotuta sortu diren arazo guztien azalpen objektibo eta kuantitatiboa eskatu dute; era berean, sortutako arazo horiei aurre egiteko hartuko diren neurrien deskribapena ere jaso nahi dute; eta, azkenik, arazo horien eta etorkizunean sortu daitezkeen arazoen konponbideak jasotzen dituen txostenaren kopia ere eskatu dute.