Mendian eta sagardotegian lagunarte giroan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 25a

Irteeran parte hartu zuten lagunak Unzueta sagartotegiaren kanpoaldean. Morkaiko M.E.

Morkaiko mendi taldeak mendizaletasuna sagardotegiekin uztartzen duen irteera antolatzeko ohitura du urtero, sagardotegi denboraldiaren barruan.

Aurtengoan Araba aldera joan ziren, hain zuzen Arangioko mendilerroan dagoen Orixol mendira (1.128 metro). Aramaioko herrigunetik irten, Orixol gaina egin eta Etxaguenetik jaitsi ostean, Aramaion amaitu zuten 14,5 kilometroko mendi ibilaldi zirkularra.

Ibarrako kiroldegian dutxatu eta gero, Unzueta Sagardotegian bazkaldu zuten irteeran parte hartu zuten 52 lagunek. "Geu bakarrik egon ginen sagardotegian, eta egia esan giro aparta eduki genuen", azaldu dute antolatzaileek. 

Asteburu betea izan da Morkaikorentzat, zapatuan ez ezik domekan ere egin baitzuten mendi irteera, Urregaraira.