4,5 milioi euroko soberakina nola banatuko duen jakinarazi du Elgoibarko Udalak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 25a

Mintxetako gimnasioa berritzeko diru gehiago ipiniko du Udalak.

Aurreko urteko aurrekontuen likidazioa egin ostean, 4.550.000 euroko soberakina du Elgoibarko Udalak. 

Diru kopuru horren banaketa udalbatzarraren osoko bilkurara eraman zuen atzo udal gobernuak. Bilkuran, halaber, kreditu‑aldaketaren espedientearen berri eman zuten, eta onartu egin zituzten bi kreditu‑egokitzapen: Batetik, kreditu gehigarriak sartzeko espedientea, eta bestetik, udal aurrekontuaren barruko kredituen transferentzia egitekoa.

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak azaldu duenez, mugimendu ekonomiko horiek udal baliabideak egungo premietara egokitzeko aukera ematen dute, lehentasun handiagoa duten arloak "indartuz" eta martxan dauden proiektuak behar duten finantza‑bermeaz sostengatuz. Era berean, Udalari malgutasun handiagoa ematen diotela azaldu du alkateak, besteak beste, aurreikusi gabeko egoerei erantzuteko eta herritarren egunerokoan eragin zuzena duten ekimenak indartzeko.

Osoko bilkuran hiru espedientek egin zuten aurrera. Honakoak dira horien inguruko datu esanguratsuenak:

 • 2/2026 espedientea – Kreditu gehikuntza: 40.000 euro
Udal eraikinetako informazio eta orientazio sistema irisgarriagoa ipintzeko egitasmoa finantzatzeko erabiliko dute (informazio osoagoa). Finantzaketa Danobatgroupen ekarpenetik dator.

 • 1/2026 espedientea – Kreditu gehigarriak: 1.382.499,42 euro
Partida ugaritan banatuta, besteak beste, honako hauek:

  • Bide publikoak berritzeko eta urbanizazioa indartzeko (200.000 euroko eta 100.000 euroko gehikuntzak).
  • Hiri-ekipamenduetan eta kultura/kirol jardueretan igoerak (adib. jaiak finantzatzeko 70.000 euro gehiago, kirol ekipamenduetarako 100.000 euro gehiago, bereziki, Mintxetako gimnasioa berritzeko).

 • 3/2026 espedientea – Kreditu transferentziak: 98.000 euro
Jatorrizko partiden murrizketaren bidez (batez ere altzarien mantenua eta komunitate energetikoaren aurrekontua), kreditu berriak sortu dituzte:

  • Bulegoko mobiliariorako: 13.000 euro gehiago
  • Komunitate energetikoetarako laguntza: 35.000 euro gehiago
  • Takilak eta komunak jartzeko proiekturako: 50.000 euro gehiago