Debabarreneko geologia bereziaren inguruko gida aurkeztu dute

Barrena 2026ko martxoaren 26a

Paisaia karstikoa ezagutarazteko idatzi dituen bi liburuak jendaurrean aurkeztu zituen atzo Angel Maria Tobajasek.

Morkaiko-Leizarpe Espeleologia taldeko lagunekin batera 54 urteko landa-lanean bildutako informazioarekin bi liburu ondu ditu Angel Maria Tobajas espeleologoak: Paisajes y parajes singulares del Bajo Deba (Debabarreneko paisaia eta paraje bereziak) eta El asombroso mundo subterráneo del Bajo Deba (Debabarreneko lurpeko mundu harrigarria). Bi liburuak aurkeztu zituen atzo Aita Agirre kulturgunean, Morkaiko mendizale elkarteak antolatutako ekitaldian.

Tobajasek zientziaren dibulgaziorako idatzi ditu bi liburuok, orain arte idatzi dituen gainerako artikuluak bezala, eta argazki ikusgarriz eta eskuz egindako ilustrazioekin osatu ditu azalpenak. Liburuak ez dira berriak, izatez: 2024an eman zuen argitara bata, Interneten, Debabarreneko paisaia eta parajeei eskainitakoa; eta iazko azaroan eseki zuen bigarrena sarean, lurpeko mundu harrigarriari dagokiona. Baina liburu formatuan ematea izan du hasieratik amets, eta, beste modurik ikusi ez duenez, autoedizioaren bidera jo du. Katalunian argitaratu dizkiote, eta 200 bat ale inprimatu ditu bakoitzetik.

Orain, bi liburuak batera salduko ditu, 30 euroan. Zientziaren inguruko azalpenez gain, aldarrikapenari ere egin dio lekua liburuetan, iruditzen zaiolako, askotan, natura zaintzeko gutxieneko parametroak errespetatu gabe esku hartu dela paisaian. (informazio osoagoa hemen)