24. Korrika

Ehunka herritarren babesa jaso du Korrikak Elgoibartik igaro denean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 28a

Ilunabarrean ailegatu da 24. Korrika Elgoibarrera. 29 eragilek erabili dute eskuz esku Korrikaren lekukoa.

Euskara direla aldarrikatu dute Elgoibarren ehunka herritarrek. Zapatua izanda, jendetza handia elkartu da Maala inguruan, eta beste herri batzuetako jendea ere gerturatu da.

'Euskara gara' da bi urtean behin euskararen alde egiten den lasterketa erraldoiaren aurtengo leloa. "Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da", azaldu zuten aurtengo ekitaldiaren aurkezpenean. Izan ere, euskara aterpe eroso eta ireki bat izatea nahi dute: "Berdin dio zein den jatorria, azalaren kolorea edo euskararen ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela". 

24. Korrika Atharratzen hasi zen martxoaren 19an, eta 11 egunez Euskal Herria zeharkatu eta gero, Bilbon amaituko da domeka honetan. Guztira, 2.175 kilometro inguru egingo dituzte euskaldunek, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa.

*Argazkiak: AEK