Antolatzaileek zehaztu dutenez, etxebizitzarako sarbideari buruzko informazio erabilgarria eta praktikoa eskaini zituzten Kultur Etxean egin zuten solasaldian. Elkarlanean antolatu zuten hitzaldia: Elgoibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Sailak eta GAZ emantzipazio zerbitzuak. Elgoibarko Udaleko arduradunek adierazi dute "oso pozik" daudela ekimenak izan duen harrerarekin, eta antzeko ekimenak antolatzen jarraitzeko asmoa dute, "gazteen beharrei erantzuteko". Azpimarratu dutenez, hitzaldi hau ez da ekimen isolatu bat, "Elgoibarko Udalak gazteen emantzipazioa eta etxebizitzarako sarbidea lehenesteko duen konpromiso zabalaren parte baizik".
Udaletik aurreratu dutenez, etxebizitzarekin zerikusia duten hainbat neurri martxan jartzeko asmoa dute datozen hilabeteetan, eta "laster" alokairurako laguntza berriak aktibatuko dituzte.
Era berean, gogora ekarri dute herritar guztiek dutela aukera etxebizitzari buruzko aholkularitza jasotzeko, Debegesarekin elkarlanean abiatu duten zerbitzuari esker. Izan ere, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzeari eta alokairurako edota energia-eraginkortasunerako laguntzei buruzko informazioa, orientazioa eta laguntza emateko bulegoa zabaldu dute Elgoibarren. Ostegunetan eskaintzen du zerbitzua, bi lekutan: HAZen Herritarren Arretarako Zerbitzuan, 08:15etik 12:15era [Hileko azken ostegunetan izan ezik, Mendaron eskainiko delako]; eta, Sigman 12:30etik 16:00etara.