Iaz bezala, Morkaiko Egunarekin bat egin zuen atzo erraldoien topaketak. Elgoibarko erraldoi eta buruhandiekin batera, Iruñeko Alde Zaharreko konpartsa, Bergarakoa eta Mutrikukoa batu ziren. Eguzkia ere batu zen topaketara, eta gogotik dotoretu zuen ikuskizuna. Erraldoi guztiak ikusgai jarri zituzten Kalegoen plazan, eta ondoren, kalejira egin zuten herriko kaleetan zehar, dultzaineroekin eta Mauxitxa txarangarekin. Kalegoen plazara itzuli ziren berriz, eta han eman zioten amaiera ekitaldiari. Jendetza batu zuen topaketak; herrikoak ez ezik, inguruko herrietatik ere etorri baitziren asko, erraldoiekin dantzan egitera.