San Migel taldeko bolarien eta Ibarluzea aita-semeen erakustaldia etxeko tiraldian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 11

Gipuzkoako Hiru Txirlo bola-joko txapelketako zazpigarren jardunaldia hartu zuen zapatuan Aiastiako bolatokiak, eta San Migel taldeko lau bolari sailkatu ziren aurreneko lau postuetan.

Ion Ibarluzea izan zen guztietan onena, hiru jaurtialdietan bost txirlo botata. Irabazlearen aita, -Gipuzkoako txapela sei alditan irabazitakoa den Angel Ibarluzea-, sailkatu zen bigarren postuan, lau txirlo botata. Aiastiakoa txapelketako bolatokirik zailenetarikoa den arren, sekretu gutxi du San Migel taldeko bolarientzat. Hirugarren eta laugarren postuetan ere taldeko bolariak sailkatu ziren: Iker Izagirre hirugarrengo postuan, lau txirlorekin; eta, Xabier Loiola laugarren postuan, hiru txirlo botata. Eibarko Asola Berri taldeko bi ordezkari sailkatu ziren, hurrenez hurren, bosgarren eta seigarren postuetan, biak hiru txirlorekin: Oier Ugarteburu eta Ganix Rodriguez. 
Guztira 64 bolari lehiatu ziren Aiastiako tiraldian. Hurrengo jardunaldia, Gipuzkoako txapelketako zortzigarrena, Eibarko San Andres bolatokian jokatuko dute zapatuan, maiatzaren 16an.

Madinabeitia sendo lidertzan

Zazpi jardunaldi jokatu eta gero, Gorka Madinabeitia Perez (Aretxabaleta, 1969) dago sailkapen buru, eta abantaila polita pilatu du aurkariekiko, oraindik erabakigarria ez den arren. Hala uste du berak ere Goienan egin dioten elkarrizketan adierazi duenaren arabera. UDA Aretxabaleta taldeko ordezkariak 32 txirlo bota ditu orain arteko jaurtialdietan sartu dituen hamahiru boletan. Zazpi txirlotako aldea ateratzen die bigarren eta hirugarren postuetan sailkatua dauden Bittor Astigarragari (Elgeta A) eta Javier Martinori (Ezozi); biak daude 25 txirlorekin.

Taldekako sailkapenean alde txikia dago aurreneko sailkatuen artean: San Joxepe A taldea dago lehen postuan (87 txirlo), Elgeta A bigarrengoan (84 txirlo) eta Asola Berri A hirugarrengoan (83 txirlo).

Bikotekako lehian bi bikote daude aurrea hartuta: Bittor Ugarteburuk eta Bittor Astigarragak osatutakoa, 49 txirlorekin eta Eñaut Kortaberriak eta Gorka Madinanbeitiak osatutakoa, 47 txirlorekin. 

Aiastiako tiraldiko lehen sailkatuak, irudietan (Arg: Gipuzkoako Hiru Txirlo Federazioa)