Laura Rodriguez: "Esna amets egitea modukoa izan da, sekulakoa; ez dut berehalakoan ahaztuko"

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko maiatzaren 22a

Laura Rodriguez elgoibartarra esatari lanetan, aurten, Zegaman.

Zegama-Aizkorri lasterketaren 25. edizioan esatari-lanak egin ditu Laura Rodriguezek. Bera izan da emakumezko lehen esataria lasterketa horretan. 

Laura Rodriguez (Elgoibar, 1984) mendi lasterkaria da, baina azken urtean beste zeregin batean ere badabil: esatari. Kasualitatez iritsi da mundu horretara, eta joan den domeka gogoangarria izan zuen. Zegama-Aizkorri lasterketa entzutetsuan esatari-lanak egin dituen estreinako emakumezkoa izan da Rodriguez. 

Zegama-Aizkorri lasterketan esatari-lanak egin zenituen domekan. Nolakoa izan zen esperientzia?
Esna amets egitea modukoa izan da; sekulakoa; ez dut beheralakoan ahaztuko. Ez zen nire lehen aldia izan; dagoeneko egin izan ditut esatari-lanak lauzpabost lasterketatan, baina Zegama-Aizkorri mendi lasterketen artean gorena da, Txapeldunen Ligako kategoriakoa, eta, niretzat, munduko mendi-maratoirik onena. Berez, herri txiki bateko lasterketa da, baina Zegamako plaza izan zen munduko eszenatokirik handiena. Izar guztiak han bilduta ikustea hunkigarria izan zen. Oraindik emozionatu egiten naiz domekakoa gogoratzean. Lasterketa hori beti izaten da berezia, eta, 25. urteurrena izanik, are bereziagoa. Domekakoak handia izateko osagai guztiak zituen, eta, beti bezala, aurreikuspen guztiak bete ziren: lau urtaroak izan zituen klimatologia aldetik, ikusle pila bat, korrikalari onenak...

25 urtean estreinako emakumezko esataria izan zara. Nola iritsi zaizu aukera hori?
Iazko irailean egin nuen estreinakoz esatari-lana, Ermuko Hiru Txikiak mendi lasterketan. Antolatzaileak lagunak ditut, eta esan zidaten emakumezko bat nahi zutela esatari-lanak euskaraz egiteko. Kasualitatez, lasterketa hartan Zegamako zinegotzi bat zegoen. Abenduan deitu zidan proposamena egiteko! Ermuko lasterketa hark horrelako oihartzuna izango zuenik ez nuen espero. Emakumezko esatari gutxi gaude, eta animatu egingo nituzke probatzera. Oso eskertuta nago aukera hori eman didatelako, eta ia urte amaierara arte ditut lasterketak lotuta.

Laura Rodriguez, Mikel Apaolaza eta Jose Antonio de Pablo "Depa" aritu ziren esatari lanetan. Arg: Goierriko Hitza.

Urduri egongo zinen. Nola kudeatu zenuen egoera?
Saiatu nintzen egunera arte ez pentsatzen, eta egoera kontrolatzen, baina eguna iritsi zenean oso urduri jarri nintzen. Hizketan hasi ahala lasaitu egin nintzen, eta gero, gozamena izan zen. Mendi lasterketetako elite guztia helmugara iristen ikustea sekulakoa iruditu zitzaidan. Larunbatean aurkezpen-ekitaldia izan genuen, eta esango nuke iaz baino jende gehiago egon zela. Nik uste dut urteurrenaren aitzakian jende asko etorri dela aurten, bai euskal herritarrak eta baita kanpotarrak ere. Helmugako bizipen hori guztia niretzako berria izan da, eta izugarri gustatu zait. Orain arte ikusle moduan eta partaide moduan ezagutzen nuen, eta aurten helmugan egon naiz, esatari-lanetan. 

Barrutik eta kanpotik ezagutzen duzu lasterketa. Zer eman dizu ikuspegi bakoitzak?
Korrikalari moduan hori bizitzea hunkigarria izan zen, eta esango nuke hasieratik amaierara egin nuela negar. Ikusleen animoak asko hunkitu ninduten, eta Sancti Spirituko bizipena han bertan sentitzea oso berezia izan zen. Ikusle bezala, asteburu-pasa joaten gara, eta oso polita izaten da. Aurtengoa berria zen niretzat, eta korrikalariak helmugara iristen zirenean banekien zer sentitzen ari ziren, nik ere bizi izan dudalako. Batzuek zerura begiratzen zuten, beste batzuek lurrera, batzuek irribarrea zuten aurpegian, beste batzuek malkoa... Keinu horiek guztiak ulertzen nituen, eta oso polita iruditu zitzaidan helmugaratze hori bizitzea.

Kilian Jornetek sortu zuen ikusmin handiena mendian zein helmugan. Arg: Goierriko Hitza.

Nola hasi zinen mendi lasterketetan?
Orain dela 14 bat urte hasi nintzen korrika, asfaltoan. Herri lasterketak egiten nituen, baina, mendia probatu nuenean, errepideko zapatilak erantzi eta mendikoak erosten hasi nintzen. Mendiak harrapatu egin nau, eta pandemia ostean hasi nintzen ultra-lasterketak egiten. Egin ditut dagoeneko Ehun Miliak, Domusa, G2H, Anetoko ultra... Asteburu honetan ere hartuko dut parte lasterketa batean, eta Europako mendietan ere egingo ditut beste bi proba aurrerago. Entrenatzaile bat daukat, eta ordu asko eskaintzen dizkiot korrika egiteari. Fisikoaz gain, burua ere entrenatzea garrantzitsua da. Lasterketa batean burua bere lekuan edukitzea ezinbestekoa da.

Zer ematen dizu mendiak?
Terapia modukoa da niretzat. Mundutik deskonektatu eta neure buruarekin konektatzen naiz mendian. Azken finean, niretzako momentua da; askatasuna.