Astelehenean hasiko da Usetxe plazarako diseinua aukeratzeko herri-bozketa

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 29a

Usetxe plaza berritua izango dena diseinatzeko arkitektura lehiaketa antolatu zuen Elgoibarko Udalak, eta orain jendaurrean erakutsiko dituzte adituen galbahea pasa duten proiektuak, herritarrek gogokoenari botoa emateko aukera izan dezaten.

Hemeretzi arkitektura-estudio aurkeztu ziren Usetxe Plaza diseinatzeko lehiaketara, eta epaimahaiak "bi edo hiru" aukeratu ditu, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta. Horien artean gogokoenari botoa emateko aukera izango dute herritarrek astelehenetik aurrera, ekainaren 1etik 15era bitartean egingo baitute herri-bozketa. 

Aukeratu beharreko proiektuok Kultur Etxean eta Toletxegaineko plazan jarriko dituzte jendaurrean, panel informatiboetan, interesa duten herritarrek proiektuen inguruko xehetasunak ezagutu ditzaten. Bi leku horietan eta herriko ohiko informazio-puntuetan QR kodeak jarriko dituzte online egongo den galdetegira zuzenean sartzeko; botoa emateko aurreikusitako bide nagusia hori izango dela zehaztu baitute Udaletik. Halere, paperean botoa ematea nahiago dutenek bi lekutan izango dute horretarako aukera: Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) eta Kultur Etxean. 

Elgoibarren erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute bozketan. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahalko du.  

Eraikina bota eta plaza berritu

Pedro Mugurutza eraikina osorik botatzea erabaki zuen Udalak. Eraikina dagoen Usetxe plaza berritzeaz gainera, hainbat kultur elkarterentzat lokalak sortuko dituzte plazaren azpian. Eraikina bota ostean geratuko den orubean "ibaira irekita" egongo den plaza berri bat eraiki nahi dute. Usetxe plaza lehengoratzeko eta eraikina kultura-ekipamendua berreraikitzeko proiekturako 1,8 milioi euroko dirulaguntza emango du Eusko Jaurlaritzak.