Bihar goizean hasiko dira jaiak, Elgoibarko baserrietako azoka bereziarekin: batetik, herrian bertan ekoiztutako produktuak erosi eta dastatzeko aukera egongo da; eta, bestetik, hemengo baserrietan hazitako animaliak jarriko dituzte ikusgai. Azoka hau Elgoibarko Udala eta Debemen elkarteak antolatzen dute Elgoibarko landa auzoetako bizilagunen laguntzarekin.
Horrez gain, Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa antolatu du aurten ere Zazpiki elkarteak, eta eguerdi parte horretan Lumagorri eta Basatxerri kalitatezko oilasko eta txerrikiak dastatzeko aukera egongo da Lekuederren. Bien bitartean, Egur arte-tailerraren eskutik aire zabaleko marrazki lehiaketa egongo da martxan.
Danborrada, gauez eta egunez
Zapatu arratsaldea Mauxitxa txarangak girotuko du, eta gauean danbor hotsak izango dira nagusi, Atabal taldeak antolatzen duen nagusien danborradan. Aurten, Latuna Bando txarangak jarriko du musika danborradan.
Domeka eguerdian umeek hartuko diete helduei erreleboa, eta Inazio Bereziartua musika eskolako ikasleak arituko dira danbor eta kupelei danbaka, eta karroza ikusgarri batek zeharkatuko ditu kaleak.
Umeen danborradak kaleak zeharkatzen dituen bitartean, artisau azoka egongo da Lekuederren, eta arratsaldean erraldoi eta buruhandiak irtengo dira kalera.
Sokamuturra, Maalan eta Kalegoen plazan
Trinitate jaien berritasun nagusia izan zen iaz sokamuturra, eta aurten ere Udalak mantendu egin du egitarauan. Domekan egingo dute trinitateetako sokamuturra, 08:00etatik 10:30era, Saka ganadutegiko abereekin. Udalak hiru sektoretan banatzen du sokamuturraren ibilbidea: lehen sektorea –Maala ingurua–, bigarren sektorea –Kalebarren plaza– eta hirugarren sektorea –Kalegoen plaza–. Oraingoan, baina, Maalako sektorean eta Kalegoen plaza inguruko sektorean askatuko dituzte zezenak eta bigantxak; izan ere, erdiko sektorea, Kalebarren plazaren bueltakoa, ez dago erabilgarri, obrengatik. Lehenengo sektorean 08:00etatik 09:00etara izango da sokamuturra eta hirugarrengoan, 09:00etatik 10:30era.
2026ko TRINITATE jaietako egitaraua:
MAIATZAK 30, zapatua
- 09:00etatik 10:00etara, XII. Kaleko Margo Lehiaketa, 18 urtetik gorakoentzat. Euskarriak Elgoibarko parrokiako arkupeetara eraman beharko dira zigilua jartzeko eta izena emateko. Antolatzailea: Egur Arte Tailerra –informazioa: 666 55 75 38–. 13:00etatik 14:00etara, XII. Kaleko Margo Lehiaketako lanak parrokiako arkupeetan entregatu beharko dira.
- 14:30ean, XII. Kaleko Margo Lehiaketaren sari-banaketa, parrokiako arkupeetan.
- 09:30etik 17:00etara, Elgoibarko baserrietan hazitako abereen erakusketa, Aita Agirre plazan: Astoak (Arkaitz), pottokak (Sorueta Baserria) Zaldi Arabiarra eta Paint Horse zaldia (Juaristi Haundi Baserria), Euskal Herriko Mendiko Behorrak (Artesoro Baserria), Belaustegi Baserria (behorrak), Poniak (Irunagasoro Baserria), Haragitarako Moxalak (Armaitxa-Erdikua Baserria). Baita ere, Latxa Sasi ardiak (Irunagasoro Baserria), Latxa mutur beltz adarduna (Irunagasoro Baserria) Ahari Latxa Mutur beltzak (Madarizurieta Baserria), Ahuntz Azpi Gorriak (Irunagasoro). Horrez gain, Irunagasoro baserritik ekarritako txerria ikusi ahal izango da.
- 09:30etik 14:30era, Trinitateetako 23. azoka berezia, Lekuederren: herriko baserrietako produktuen salmenta. Garaian garaiko produktuak, gazta, ogia, arrautzak, e,a. Barazkigileak: Lizundiatxabola Baserria, Basartesoroeta Baserria, Olaiz Txurruka. Gaztagileak: Madarizurieta (Mausitxa). Ogia: Yvette Miguez. Lizagasar (Sagarretik ekoizturiko produktuak) eta Zortziko eztia.
- 12:00etan, kalitatezko produktuen dastaketa, aire zabalean hazitako Basatxerri txerrien saiheskia eta hirugiharra, Elgoibarko baserri auzoetako ordezkarien laguntzarekin. Razioak 3 euroko prezioa izango du. Dastaketa lan hauetan Elgoibarko Idotorbe, Aiastia, Azkue, Urruzuno, Sallobente eta Arriagako auzotarrak arituko dira.
- 12:00etan, Elgoibarko baserrietako sagardo-dastaketa, Zazpiki elkarteak antolatuta, Lekuederreko karpan. Dastaketa lan horietan Idotorbe, Aiastia, Azkue, Urruzuno, Sallobente eta Arriagako auzotarrak arituko dira.
- 14:30ean Elgoibarko baserritarren anaiarteko bazkaria egingo dute Lekuederreko karpan.
- 18:00etatik 19:30era, Mauxitxa Txarangaren kalejira, Kalegoen plazatik hasita.
- 23:00etan, Nagusien danborrada, Kalegoen plazan. Atabal elkarteak antolatuta
MAIATZAK 31, domeka
- 07:45ean, Diana, herriko dultzaineroekin.
- Jarraian, sokamuturra, Saka ganadutegiaren zezenekin, 1. sektoretik hasita, 08:00etan. 3. sektorea, 08:45etik 10:30ak arte. 10:00etatik 14:30era, 31. Artisau azoka, Lekueder parkean.
- 11:00etan, Meza, San Bartolome parrokian. Parrokiako Abesbatzak kantatuko du.
- 12:00etan, Haurren danborrada. Antolatzailea: Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskola.
- 17:30etik 19:00etara, erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejira, Elgoibarko Dultzaineroekin batera.
