Bero handia egin zuen arren -30 gradutik gorako tenperatura-, giro onean joan ziren prestatu zituzten ekitaldiak. Eguzkitik babesteko karpa jarri zuten elkartearen atarian egin zuten mezarako. Meza ondorenean mokadutxoa jan zuten bertaratutakoek, eta gero elkarrekin bazkaldu zuten auzoko elkartean. Goizean pintura tailerra eman zuen Ane San Martin margolariak. Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak izan ziren; eta azkenik, iluntzean DJ Imanolen saioak girotu zuen festa.
Otarraren zozketako irabazlea
Otarraren zozketa eginez amaitu zuten San Antonio Eguna. Ez zuten asko itxaron beharrik izan sariduna agertzeko, han bertan baitzegoen txartel sarituaren jabea, Eibarren bizi den Aingeru Butron bizkaitarra, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Urruzuno Trail Fest, zapatuan
Urruzunoko auzotarrak orain gutxi ere batu ziren ospakizunetarako, Urruzunoko elkarteak 30 urte bete dituela ospatzeko elkartu baitziren urtemuga egunean, maiatzaren 31n. San Antonio Eguna ospatu dute orain, baina berriro ere batuko dira elkartearen bueltan, datorren zapatuan, ekainaren 20rako Urruzuno Trail Fest ekimena antolatu baitute.
*Argazkiak: Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala.
