Plazan hasi eta Ikastolako frontoian amaitu zituzten pala txapelketako finalak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 21a

Lagunak Pilota Eskolak antolatzen dituen emakumezkoen zein gizonezkoen pala txapelketen finalak jokatu zituzten barikuan.

Iaz gertatu zen moduan, bero handiarekin jokatu zituzten aurtengo finalak; 33 graduko tenperaturarekin iaz eta 32 gradukoarekin aurten. 

Emakumezkoen finalean Yolanda Mateos eta Maialen Labrador gailendu ziren, Maria Badiolari eta Lidia Suarezi 22-19 irabazita. Iaz txapeldunorde izan zen Mateos, alabarekiin bikotea osatuta, eta garaipena eskuratu du aurten Labradorrekin batera. Aurrez ere irabazi izan du txapelketa hau. Eta Mutrikukoa ere irabazi du aurten futbolean goi mailan aritutako Mateosek.

"Lehengo lepotik burura" dio esamoldeak eta aproposa da gizonezkoen pala txapelketan gertatu zena azaltzeko, lehengo buruan jarraituko baitute txapelek, hain zuzen Ander Conderen eta Sergio Martinezen buruetan. Bigarren urtez jarraian irabazi dute txapela. Xabier Arrizabalaga eta Josu Espilla izan zituzten aurkari final parekatuan. Markagailuak bederatzinako berdinketa erakusten zuenean, baina, euri tantak erortzen hasi ziren, eta zorua irristakor zegoela-eta finala etetea erabaki zuten antolatzaileek. Ikastolako pilotalekuan berrekin zioten gizonezkoen finalari, eta 22-17 gailendu ziren Conde eta Martinez bi pilotalekutan jokatu zuten finalean.