Elgoibarko Udalak Errezabalgo obren inguruko informazioa emateko bilerara deitu ditu auzoko bizilagunak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 24a

Ekainaren 30erako deitu duten bileran obren egungo egoeraz eta emango dituzten hurrengo pausoez berba egingo dutela aurreratu dute Udaletik; eta, herritarren zalantzak argitu eta haien ekarpenak jasotzeko aukera ere egongo dela jakinarazi dute.

Udaleko arduradunez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundikoek ere hartuko dute parte Urazandiko bizilagunekin egingo duten bileran. Martitzenean izango da, ekainaren 30ean, 19:30ean, Aita Agirreko Areto Nagusian.

Zehaztu dutenez, bilera deialdia auzoan bizi diren pertsona guztiei zuzenduta dago, eta lehenago egin dituzten era honetako batzarrei jarraipena ematera datorrela azaldu dute. "Bilera honek aurretik auzotarrekin eta herritarrekin egin diren informazio- eta jarraipen-bilerei jarraipena ematen die, prozesuaren hasieratik mantendu den komunikazio zuzenaren baitan".
Bilera egin aurretik Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariekin batzeko asmoa dutela jakinarazi du Udalak, "politikoki ere eman beharreko azalpenak eman eta elkarlanean aurrera egiteko helburuarekin". 

Hainbat gai izango dituzte hizpide batzarrean; besteak beste, obraren egungo egoera eta eman beharreko hurrengo urratsak zein diren argitzeko. Auzotarrek mahai gainean jarri ahal izango dituzten zalantzak eta ekarpenak aztertuko dituztela ere agindu dute. "Helburua argia da: informazioa zuzenean eta gardentasunez partekatzea, zalantzak eta ekarpenak jasotzea, eta horiek proiektuaren jarraipenean eta auzoan izan ditzakeen eraginen kudeaketan kontuan hartzea", adierazi dute.

Errezabal egoitza izango dena eraikitzea herriarentzat eta eskualdearentzat proiektu "estrategikoa" dela azpimarratu dute udal agintariek, haien berbetan, udalerriko arreta- eta hiri-eraldaketarekin lotutako jarduketa nagusietako bat baita. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak azpimarratu du auzoari zuzenean eragiten dion proiektua izanik, auzoaren ondoan egonez, azaldu eta partekatu behar dela. Bilera honek, hain zuzen ere, helburu hori duela errepikatu du: zein puntutan gauden eta zer datorren argi azaltzea, eta asmo horretan etxeko-lanak egin dituztela dio Gurrutxagak, bilerara beharrezkoa den informazio guztia eraman ahal izateko. "Dagozkion txosten teknikoak aztertu ditugu, eta bermeetan eta arlo horretan espezializatutako geologoekin lan egin dugu, etorkizunari begira egin beharreko lan guztiak identifikatzeko. Helburua da herritarrei bermeak eta konponbideak aurkeztea, egiten ari garen lanaren berri emanez, erantzukizun eta konpromiso osoz, eta bizilagunei entzunez".

Alkateak gogora ekarri dute auzotarrekin "komunikazio zuzena" mantenduko dutela obrek irauten duten bitartean. Hain zuzen, Errezabaleko obrei buruzko komunikazioa hobetzeko pertsona bat izendatu zuten.