Erreleboa eskatu du CD Elgoibarko zuzendaritzak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 25a

C.D. Elgoibarrek urteko batzar orokorra egin zuen aurreko astean, eta beste hainbat gairen artean, taldea gidatzen duen zuzendaritzak erreleboa eskatu zuen, agintaldiko azken urtea hastera doazela-eta. Azken urte horretan, klubaren 110. urteurrena ospatzeko ekintzak antolatzea izango da haien zereginetako bat.

Txus Altzaga buru duen zuzendaritza taldeak 2023. urteko ekainetik gidatzen du taldea. Gogora ekarri dutenez, lau urterako konpromisoa hartu zuten, eta jada hasi dira erreleboa prestatzen, denboraz. Bazkideei jakinarazi zieten moduan, euren agintaldiko azken denboraldian parte-hartze prozesu bat irekiko dute klubaren kirol eta gizarte proiektuaren jarraipena bermatuko duen "errelebo ordenatu bat" sustatzeko.

110. urteurrena 2027an 

Agintaldiko azken urte hori berezia izango da, 1917an sortu zuten Club Deportivo Elgoibar kirol taldeak 110 urte beteko baititu 2027an. Urtemuga ospatzeko asmoa dutela aurreratu dute klubeko arduradunek. 

Denboraldiko balantzea

Urteko batzarrean denboraldiko balantzea egin zuten. Diru kontuei dagokionez, klubak 265.622,40 euroko diru-sarrerak eduki zituen 2025-26 denboraldian, eta 252.415,28 euroko gastuak. Era horretan 13.207,12 euroko emaitza positiboa aurkeztu zuten bazkideen aurrean, batzarrera lagun gutxi agertu baziren ere. Une honetan 500 bat bazkide ditu klubak, baina kontuan izan behar da jokalari bakoitzaren gurasoetako bat bazkide izatera behartuta dagoela. 
Kirol arloari ere erreparatu zioten batzarrean, eta senior gizonezkoen bigarren taldeak irabazitako Kopa txapelketa eta emakumezkoen Haundi taldeak eginiko denboraldia nabarmendu zituzten. Harrobiarekin egiten ari diren lana ere azpimarratu zuten, eta baita kluba osatzen duten 500 jokalariek erakutsitako "konpromisoa" txalotu ere.  
Eremu sozialean, haurrak babesteko, gizarteratzeko, tokiko elkarteekin lankidetzan aritzeko eta Casamance-Senegal nazioarteko proiektuaren inguruan garatutako jarduerak azaldu zituzten zuzendaritza taldekoek. 

Taldearen webgunea eta sare sozialak kudeatzeko prest dagoen pertsona bat behar dutela ere jakinarazi dute CD Elgoibarko arduradunek.