Udaletik aurreratu dutenez, hil bukaeran hasiko dituzte oraintsu arte Merkatu plaza egon zen eraikina botatzeko lanak. Moyua eraikuntza-enpresak eskuratu zuen lanok egiteko lizitazioa, 544.835 euroko aurrekontua aurkeztuta. Laupabost hilabetean bukatzea aurreikusten dute, lan konplexuak baitira, bota beharreko eraikinak herrigunean daudelako eta Kultur Etxea dagoen eraikin historikoa ez kaltetzeko neurriak hartu beharko dituztelako. Eta, beste horrenbeste San Frantzisko kale aldera dauden etxebizitzekin. Haien kasuan, bota beharreko eraikinetik bananduta egoteak arriskuak murrizten dituela zehaztu dute. Eraikina Deba ibaitik gertu egoteak ere eraispen-lanak baldintzatuko ditu, kontu handia izan beharko baitute ibaira ezer ez erortzeko.
Aipaturiko zailtasunen ondorioz, eraisketa-lana kontu handiz eta "ia harriz-harri" egin beharko dutela azpimarratu dute. Lanek irauten duten bitartean, oinezkoentzako zabalik mantendu nahi dituzte Kalebarren plaza eta San Frantzisko kalea. Halere, obrako kamioiak igarotzeko mozketa puntualak egingo dituzte. Pedro Miguel Urruzunotik sartuko dira pisu handiak garraiatuko dituzten kamioiak. Obren epeak zehatzago zehazten dituztenean, inguruko bizilagunekin bilera bat egiteko asmoa dutela jakinarazi dute Udaletik.
Lankidetza hitzarmena onartu dute plenoan
Kalebarren plazan osasun-zentro berri bat eraikitzeko proiektuan pauso bat gehiago eman eta hitzarmena sinatu dute Osakidetzak eta Elgoibarko Udalak. Bi erakundeen artean adostu eta sinatutako akordioari martitzenean eman zioten onarpena, Udalbatzararren Osoko Bilkuran, eta, horren bitartez, Elgoibarko Udalak eta Osakidetzak Kalebarren plazan osasun-zerbitzu berria eraikitzeko konpromisoa zigiliatu zuten.
Azaldu dutenez, 1983tik Bernardo Ezenarro kalean dagoen Elgoibarko osasun-zentroa ordezkatuko du Kalebarren eraikiko dutenak, eta eraikin "modernoa" eta herritarren egungo beharretara egokitua izango dela aurreratu dute. Kontsultak eskaintzeko gaitasun handiagoa edukiko duela ere nabarmendu dute. Anbulatorioak Elgoibarko, Mendaroko eta Soraluzeko herritarrei ematen die zerbitzua, zehazki osasun-txartelaren jabe diren 18.000 herritarri. Horiei zerbitzua emateko, baina, hamasei kontsulta bakarrik dituzte, eta kalkulatu dutenez, egungo eskaerari erantzuteko "gutxienez 26 kontsulta" beharko lituzkete. "Egoera horrek urteak zeramatzan kezka sortzen, eta hitzarmen honek erantzun zuzena ematen dio ibilbide luzeko aldarrikapen bati", adierazi dute.
Hitzarmenaren arabera, Elgoibarko Udalak dohaintzan emango dio Eusko Jaurlaritzari 559 metro koadroko lursaila
Hitzarmenean jasotako betebehar nagusiak
Hitzarmenaren arabera, Elgoibarko Udalak dohaintzan emango dio Eusko Jaurlaritzari 559 metro koadroko lursaila (Kalebarren plazako 1 eta 2 zenbakietan). Lagapena baldintza bati lotuta egongo da: lurzorua eta eraikina erabilera sanitario publikorako erabili beharko dira uneoro, eta, hala ez bada, Udalak lehengoratzeko eskubidea izango du.
Osakidetzaren ardura izango da eraikinak eraistea, hau da, Merkatu plaza zegoen eraikina, eta ondokoa (euskaltegia, Barren eta Egur zeudena) botatzea. Eraikin berrirako proiektu teknikoak idaztea, obra guztia finantzatzea eta gauzatzea ere Osakidetzaren ardurapeko zeregina izango da hitzarmenean jaso dutenez, "lurzatia lagatzen denetik, gehienez, urtebeteko epean lanei ekiteko konpromisoarekin".
Udalaren menpeko zereginak ere jasotzen ditu hitzarmenak. Ingurua urbanizatzeko lanak finantzatuko beharko ditu, besteak beste, argiteria publikoa, euri-uren sarea, lorezaintza eta plaza berriaren azken akaberak. Plaza berri hori Udalarena izango da eta erabilera publikokoa izaten jarraituko du. Plazaren azpian geotermia-sistema bat jartzea aurreikusten dute, aurrerago.
Lau urterako sinatu dute hitzarmena, eta beste lau urterako luzatzeko aukera izango du, bi aldeak bat badatoz. Hitzarmena betetzen dela ikuskatzeko, jarraipen-batzorde misto bat sortuko dute, Udaleko eta Osakidetzako ordezkariez osatua. Era berean, obrek iraun bitartean, ingurua babesteko neurriak hartuko dituzte Altzolatarren Dorretxea eraikin historikoa eta aldameneko eraikinak babesteko. Era horretan, sor litezkeen pitzaduren jarraiperna egingo dute, trafikoa arinagoa izateko neurriak hartuko dituzte ostegunetan, eta abuztuko bigarren hamabostaldian jarduera jakin batzuk geldiaraziko dituzte herriko jaiak direla-eta.
